Komertzio eta ostalaritza arloko beharrizan eta kezkak jasoko dituzte inkesten bidez

Anboto 2016ko aza. 24a, 12:59

Sektore hori sustatzeko Udalak diseinatuko duen planaren lehen pausua izango da.

Zornotzako Udaleko Enplegu eta Ekonomi Sustapen Sailak PERCO 2020 (Merkataritza Suspertzeko Plan Estrategikoa )prestatzeko prozesua martxan jarri du, 2020 jomuga izanik.

Plana martxan jarriz, Udalak elkarrizketa kolektiboa bultzatu nahi du, Zornotzako merkataritza eta ostalaritza sarea zein herritarrekin: auzokideak, elkarteak, gizarte edo enpresa eragileak, beste batzuen artean. Gaur egungo egoeraren berri jakitea eta kezkak zein beharrizanak jasotzea dira gonbidapen honen helburu batzuk, udaleko prentsa ohar batean azaltzen dutenez.

Ildo horretatik, azarotik urtarrilera bitartean eta mota honetako azterketetan aditua den idazkaritza tekniko baten laguntzarekin, diagnostiko estrategiko bat egingo dute. Horretarako, bai herritarren iritzia eta baita merkataritza eta ostalaritza sarearen iritzia jasoko dute inkesten bidez. Bi dira helburu honekin egingo diren inkestak: bat herritarrei eta bestea herriko merkataritza establezimendu eta ostalari guztiei bideratua. Bestelako inputak ere egongo dira: egun hutsik dauden lokalak identifikatzea eta hiri egituraren azterketa espaziala zein egun dauden hornikuntza sistemena egitea.

Horrela, diagnosi fasean jasotako informazio guztiarekin eta hemendik aterako diren ondorioekin, Udalak ekintza plan bat proposatuko du 2020 jomuga izanik, Zornotzako merkataritza eta ostalaritzaren egungo eta etorkizuneko errealitatera egokitua.

Zornotza merkataritza eta ostalaritza sektorea herriko sektorerik “garrantzitsuenetariko bat” dela gogoratu dute. Udaleko datuen arabera enpresa establezimenduen ia laurdena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!