Zornotzak mahai jokoen jaialdia hartuko du asteburuan

Anboto 2016ko aza. 21a, 12:17

Zelaieta Zentroan izango da. Iaz 1.200 lagunek parte hartu zuten eta aurten kopuru hori handitzea espero dute. 40 ekintza baino gehiago izango dira.

Azaroaren 26 eta 27an Jokoan mahai-jokoen jaialdiaren zazpigarren aldia antolatuko du Ametx Erakundeak. Mahai-joko modernoetan oinarrituta aisialdirako beste aukera bat eskaintzea dute helburu. Jokoan jaialdiak hainbat gune ditu parte-hartzaileen adinaren arabera bereiziak: 4 eta 9 urte arteko umeei zuzendutako familiarentzako txoko bat, etxeko txikienekin jolasteko aukera emango duena eta ludoteka orokor bat, nagusientzako, adin mugarik gabe.  Jaialdiaren ordutegia ondokoa da: 11:00-14:00etara eta 16:00-20:00etara eta sarrera doakoa da.

Iaz 1.200 lagun baino gehiagok parte hartu zuen jaialdian eta aurten jende gehiago hurbilduko dela itxaroten da 40 ekintza baino gehiago antolatu baitira. Horien artean ondokoak daude: uharte bat esploratu, gaztelurik zoragarriena eraiki, Star Warseko ehiza-hegazkin bateko pilotu izan, ... etab.

Proiektu inklusibo baten aurkezpena

Edizio honetan, ondo pasatzeko helburuaz gain bestelako helburuak dituzten jokoen paper garrantzitsua izango dute ‘Gaur denok jolastuko gara’ proiektuaren aurkezpenarekin. Beharrizan berezien eta dibertsitate funtzionalaren arloan lan egiten duten elkarteei zuzenduta, aisialdi inklusibo baterako proiektua da.  Programa honek mahai-jokoa erabiltzen du elkarte hauetako erabiltzaileak ahalduntzeko eta autonomia emateko. Honen berri izan nahi duten guztiak antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dira.

Txikigunea

Beste berritasun bat txikigune sortu izana da. Jolasaren bidez estimulazio jardueretarako gune bat da, etxeko txikienentzat prestatu dena (1-4 urte).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!