“Kontzientzia hartu, eta gobernuak laguntzera bultzatu behar ditu gizarteak”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 14a, 10:00
Argazkia: Derandein Fundazioa

Hamarkada bete du Zornotzan sortutako Derandein Fundazioak. Erakunde honek Santurtzin du egoitza nagusia, eta Etiopian, Kenyan eta Tanzanian garatzen ditu egitasmoak. Pro-Afrika taldeko kide ere bada. Ekainean Derandein astea antolatu gura dute Zornotzan. ANBOTOk Kepa Azarloza Derandein Fundazioko presidenterarekin hitz egin du.

Derandein Fundazioak hamarkada bete du dagoeneko. Atzera begiratua eginez, nola ikusten da egindako bidea?
Lanean hasi ginela hamarkada bete da, bai, baina fundazioa 2007an osatu zen. Jokin semeak Afrikara egindako bidaia batetik sortu zen. Urte sabatikoa hartu zuen, eta Tanzania, Ruanda, Uganda, Etiopia eta Kenian ibili zen, bizikletan. Hainbat misio eta ikastetxe ezagutu zituen han. Hango misiolariekin harremana izan, eta bueltan laguntza bideratzeko proposamena egin zigun.

Urte hauetan guztietan hazten joan da proiektua?
Mundu logistikoari lotutako enpresa talde batek finantzatutako fundazioa sortu genuen.  Hasieran, dirua bideratzen zen. Etiopian, Kenyan eta Tanzanian kokatutako fundazio batzuetara bideratzen genuen. Ondoren, apurka-apurka, soldatapeko lan-taldea osatu genuen, eta boluntarioen lankidetzari esker hazten joan gara. Hartara, talde tekniko bategaz egitasmoak lantzen hasi ginen, eta horretan jarraitzen dugu. Oinarrian, elikadura, ikastetxeak eta osasun arretagaz lotutako proiektuak dira. Hala ere, basolanetan eta errefuxiatuekin ere lan egiten dugu. Erakunde publiko eta pribatuek zein norbanakoek emandako dirua ere bidaltzen dugu.

Hango tokiko erakundeekin egiten duzue lan?
Bai. Gainera, bertan lanean ari diren gero eta erakunde gehiagorekin lan egiten dugu. Sekulako pobrezia bizi duten inguruetan dabiltzan erakundeak dira. Wukron (Etiopia) hasi ginen. Angel Olaran misioilariagaz batera egiten dugu lan bertan —20 urtetik gora daramatza berak lanean, umezurtzei etxea eta hezkuntza, eta gazteei lanbide heziketa eskaintzen; basoberritze lanak ere egiten dira—. Nairobin (Kenia), berriz, moja kongregazio bategaz ari gara lankidetzan. Laini Saba eskola kudeatzen dute bertan, eta sekulako pobrezian bizi diren umeen oinarrizko premiak asetzen dituzte —hezkuntza duin eta segurua ez eze, egunero jatekoa ematen zaie—. Tanzanian, Mwema Clindren GKEagaz gaude hartu-emanean, Karatuko kaleetan bizi eta lan egiten duten adin txikikoen eskubideak aldarrikatzeko. Orain dela gutxi moja indiar batzuekin ere hasi gara lanean Turkanan (Kenia), eta Jeusiten errefuxiatuen zentroagaz ere kolaboratzen dugu.

Errefuxiatuen gatazkak irudi latza agertu du
Itzela da. Gosea, sikateak, bizi-baldintzak, gerrek sortutako baldintzak Afrikan itzelak dira, eta lotsagarria da. Kolonizazio garaian Europak berarentzat hartu zuen dena: Alemaniak, Frantziak, Ingalaterrak, Belgikak, Holandak, Espainiak eta Portugalek gura izan genuen guztia eta gehiago hartu genuen, eta zerbait bueltatu beharko genieke. Baina, hori zientzia fikzioa da; arazoa itzela da.

Derandeinek finantziazio sare zabalagaz egiten du lan?
Derandeinen patronatuan familia gaude eta, lan talde tekniko izugarri bat izateaz gainera, geuk bultzatzen dugu fundazioa. Laguntzen diguten enpresek gastu arrunta estaltzen dute, eta Afrikara bideratzen dugun dirua administraziotik —udalak, aldundiak eta Jaurlaritza— dator, batez ere. Bestelako fundazio pribatu batzuen bitartez ere bidaltzen da dirua.

Herritarren erantzuna, nolakoa da?
Oro har denok gaude ados egindako lanagaz. Hala ere, ekarpen ekonomikoak ez datoz bat horregaz. Egia da jende asko dagoela, ez bati, hainbat GKEri ematen diona dirua. Hala ere, uste dugu eraginkorragoa dela gizarteak administrazioan presio handiagoa egitea, garapenera diru gehiago bideratu dadin. Oso garrantzitsua da sentsibilizazioa, eta horretan lan egiten dugu. Izan ere, gizartearen aldetik indar gehiago egingo balitz, administrazioak gehiago lagunduko lituzke proiektuok. Kontzientzia hartu, eta gobernuak laguntzera bultzatu behar ditu gizarteak.

Ekainerako aste berezia prestatzen ari zarete?
Bai. Mendi martxa, solasaldiak eta bazkaria antolatu gura ditugu, besteren artean.

Derandeinek lotura zuzena du Zornotzagaz, ezta?
Bertako auzoa da. Amaren familia-baserria dago han, eta gu ere errefuxiatu lez Frantziatik bueltatzean, han bizi izan ginen. Gero kalera etorri ginen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!