Eroski berriaren etorrera ahalbidetuko duen aldaketa onartu dute arauetan

Anboto 2016ko urr. 28a, 16:14

EAJren eta PSE-EEren botoekin aurrera irten da arau subsidiarioen aldaketa puntuala. EHBilduk eta HiriEkimenak kontra bozkatu dute. Eroskik Tantorta auzoan egingo du supermerkatua.

Aurtengo otsailean Zornotzako alkateak, eta, Eroskiko zein Dendariak elkarteko arduradunek prentsaurreko bat eskaini zuten Eroskik herrian 1.500 metroko salmenta azalera duen supermerkatua irekitzekoa asmoa zuela iragarriz. Tantorta auzoan izango da, gaur egun LIDL supermerkatua dagoen parean eta 2017ko lehen seihilekoan irekitzea aurreikusita dago, orduan azaldu zutenez. Proiektu hori aurrera eraman ahal izateko merkataritzako gune mistoen erabilerari dagozkien arau subsidiarioak egokitu behar ziren eta gaur goizeko udalbatzarrean eman dute urrats hori.

EHBildu eta HiriEkimena beste herri eredu baten alde

EHBilduk aldaketaren kontra bozkatu du. “Beste herri eredu bat nahi dugu”, adierazi du Ander Uriarte zinegotziak: “Bizitasunez beteriko herria izango dena, kaleak dendaz eta jendez inguraturik”. Arauen aldaketa eredu horren eta komertzio txikien kontrakoa dela adierazi du: “Benetan denda txikien alde bagaude, ezin da onartu hipermerkaturik eraikitzea. Aldaketa honek ez dio inolako onurarik egiten komertzio txikiari”.

Erabakiak HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) prozesua bera “deslejitimizatzen “ du Uriarteren ustez “azkenean interes pribatuak gailentzen direlako, herriak izan beharreko eztabaida eta erabakien gainetik”. Era berean, Tantorta auzoko urbanizazioa enpresa pribatu baten “menpe” uzteak “presio kutsua ematen dio” aldaketari.

HiriEkimeneko Abel Isasik azaldu duenez, aldaketari baiezkoa edo ezezkoa ematea erabaki inportantea zenez, oinarriei, militantziari galdetu diote eta gune horretan “beldur, duda eta zalantza” ugari jaso dituzte: “Ez da Zornotzarentzako apustu egiten dugun hazkunde eredua eta ezta komertzio eredua ere”. “Azalera handiko guneek izan ohi duten jarrera espekulatiboa herriko ekoizle txikiek pairatu dezaketela uste dugu”, gehitu du.

Horrez gainera, Tantortako urbanizazioa “udalak bere gain” hartu beharko lukeen ardura dela uste du: “Ez dugu uste Tantortaren etorkizuna zoruari eman dakiokeen erabilera komertzialak baldintzatuta egon behar duenik”.

Andoni Agirrebeitia: “Erabakia neure gain hartzen dut”

Alderdi bien arrazoiei erantzun die Andoni Agirrebeitia alkateak: “Aldaketa honen erantzule handiena ni naiz, neure egingo dut komertzio txikia kaltetua izan bada eta barkamena eskatuko dut, baina seguru nago ez dela kaltetuta irtengo”.

Gaur egun , zornotzar asko erosketak egitera kanpora (Abadiño, Bilbondo…) joaten direla adierazi du; horrela jasotzen duela Komertzioa Suspertzeko Plan Bereziak. “Guk nahi duguna da zornotzarrak herritik ez irtetea erosketa horiek egiteko”. Horrez gainera, supermerkatu berriak Arratiako jendea erakarri dezakeela uste du eta horren ondorioz komertzio txikia “indartu” daitekeela.

Tantorta auzoko urbanizazioaren inguruan “ez gaude gauza berririk eskatzen ez da salbuespen bat”, alkatearen ustez: “Garatzeko lurzoruak daudenan promotoreak izaten dira berau urbanizatzen dutenak”.

Araua aldaketaren azalpena

Arau subsidiarioen aldaketa zertan datzan Anartz Gandiaga zinegotziak azaldu du. Europako araudiak ez du baimentzen 600 metroko salmenta azaleratik gorako supermerkaturik. Arau subsidiarioen aldaketagaz, 600 metroetarako muga baliogabetzen da herrirako. Handiagoa ere jarri daiteke. Horrek Eroskiri atea irekitzen dio, 1.500 metroko salmenta azalera izango duelako.

Baina aldi berean, arauetan bestelako baldintza batzuk ere gehitu dituzte Gandiagak zehaztu duenez. Horien helburua mugak jartzea da, bai mota horretako azpiegituren kantitateari eta bai euren tamainari dagokionez. Esaterako, partzelako eraikuntzaren %30a bakarrik bideratu ahalko da salmenta gunera. Era berean, partzelek udalerriko bide-sareari itsatsita egon behar dute. Muga horiek ondorio bi dituzte: Eroskikoaz gainera, oraindik garatzeke dagoen partzela bakarra geratzen dela —hain justu, Eroski berria joango den eraikinaren ondo-ondoan— eta asko jota 1.500 metro karratuko salmenta gunea duen azpiegitura jarri daitekeela herrian.   

Alde horretatik, arau subsidiarioen aldaketa “oso pentsatua eta neurtua” dela azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!