Zornotzako AIDAE elkarteari laguntzeko Elkartasun Jaia, bihar

Joseba Derteano 2016ko urr. 21a, 12:15

AIDAE

Zapatuan Elkartasun Jaia antolatu du Luis Urrengoetxea kaleko tabernariek osatzen duten Lutaber elkarteak. Goizetik gauera hamaika ekimen antolatu dituzte, eta batutako dirua gutxituen integrazioan lan egiten duen Zornotzako AIDAE elkarteari emango diote.

Euskal Herria plaza izango da erdigunea. 12:00etatik aurrera, txosna bat jarriko dute bertan, elkarteko tabernariek hornitutako edari eta pintxoekin. Goizean zehar umeentzako jolas eta tailerrak antolatuko dituzte eta, 13:00etan, txistulariak kalejiran irtengo dira. 13:30ean, herriko bertso eskolako kideek bertso saioa eskainiko dute.

Bazkalostean, 16:00etan, jarraituko du jaiak zumba ikastaro bategaz. Zornotzako kiroldegian zumba klaseak ematen dituen monitore batek eta bere ikasleek eskainiko dute saioa, parte hartu gura duten denei atea irekita. 17:30ean, Ale Hop dantza taldearen erakustaldia hasiko da. 19:00etako txokolatadaren ostean, Eneko eta Iratxe zornotzarrek 20:00etan hasiko duten kontzertuak emango dio amaiera zapatuko Elkartasun Jaiari.

Ibilbideak astebururo
Zornotzako gutxitu gazteen integrazioan lan egiten du AIDAEk.  Zapaturo eta domekero irteerak  antolatzen dituzte, herrian bertan zein handik kanpora, monitoreen laguntzagaz. 20 bat gazte elkartzen dira ibilaldi horietan. Hilean behin egunpasak ere antolatzen dituzte. Autobusean joan, eta ekintzak egiten dituzte. “Euren artean hartuemanak sendotzen dituzte, eta beste jende bategaz hartuemanetan egoten dira. Hori onuragarria zaie. Era berean, familientzat denbora librea ahalbidetzeko modua ere bada. 24 orduko zaintza horretatik apur bat irten eta eurentzat tarte bat izan dezaten”, azaldu du Ana Mari Delgado AIDAEko kideak.

Askotariko irteera horiek eragiten dituzten gastuak (monitoreak, bidaiak…) ordaintzeko erabiliko dute Elkartasun Jaitik jasotako dirua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!