Atxilotu bi Zornotzako kiroldegian lapurreta saiakera egotzita

Anboto 2016ko urr. 20a, 15:06

23 eta 29 urteko gizonezko bi dira atxilotuak.

Durangoko ertzain-etxeko agenteek lagun bi atxilotu zituzten atzo Zornotzako kiroldegi batetik askotariko materiala lapurtzen saiatzea egotzita. Lapurreta saiakera 21:30 inguruan gertatu zen. Kiroldegiko langile bik askotariko materiala inguruan aparkatutako ibilgailu batera eramaten harrapatu zituzten beste lagun bi. Ikusi zituztela ohartzean alde egin zuten korrika.

Lagun horien jarrera susmagarria iruditu zitzaien eta udaltzainei deitu zieten. Hauek kiroldegirako ate bat bortxatuta zegoela ohartu ziren. Lapurreta ebidentziak zeudenez, udaltzainek ertzaintzari abisua eman zioten. Ertzaintza bertaratu eta jazoera ikertzen zebilela kiroldegi inguruan ustezko lapurren deskripzioagaz bat egiten zuten lagun bi ikusi zituzten. Ibilgailuaren bila zetozen.

Lekuko biek ustezko lapur biak identifikatu ostean ertzainek atxilotu egin zituzten. Ertzaintzaren arabera lapurreta egin izana onartu zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!