Txistuak Zornotzako herrigunea eta auzoak hartuko ditu zapatuan

Anboto 2016ko ira. 22a, 13:39

“Txistua Zornotza osoan entzutea da helburua”, diote Txistulari Eguneko antolatzaileek.

Zapatuan Txistulari Eguna ospatuko dute Zornotzan. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zazpi taldek herrigunetik ez ezik, auzoetatik ere zabalduko dituzte txistu doinuak. Helburu horixe baitu biharko egunak: “Txistua Zornotza osoan entzun dadila nahi dugu”, azaldu du Iban Ibarretxek, ekimena antolatzen duen Udazken Txistu Taldeko kideak.

Txistulari Egunak 16. aldia egingo du aurten. Zornotza Udazken taldeagaz batera, Eibarko Usartza, Gasteizko Adurtza, Barakaldoko udal banda, Bermeoko Kankinkabara, Durangoko Jaizale  eta Gernikako taldeak etorriko dira. Guztira 40 bat txistulari batzea itxaroten dute. Aurten tronpeta jole bi ere gonbidatu dituzte, eskainiko duen musikari ukitu berezi bat gehitzeko.

17:00etatik 18:00etara txistu talde bakoitza herri inguruko askotariko auzoetatik ibiliko da: Ogenbarrena, Gane, Ixer, Zubibitarte, Andrandi… Ondoren, 18:30 inguruan talde guztiek elkarrekin jarraituko dute kalejiran (Luis Urrengoetzea, Euskal Herria plaza, Gernika Plaza…) tokian-tokian 10-15 minutuko kontzertuak eskainiz. Talde bakoitzak bere herriko abestiak ekarriko ditu eta horixe bat Txistulari Egunak eskaintzen duen beste bereizgarrietako bat: musikalki duen aberastasuna eta herrietako abestiak ezagutzeko aukera.

Eguna amaitzeko Auzokoa jatetxean afalduko dute denek elkarrekin: “Gonbidatutako taldeek beti esaten digute oso ondo pasatu dutela eta hurrengo urtean ere gonbitzeko”, dio Ibarretxek eta hori ei da jaso dezaketen esker onik adierazgarriena.

Domekero kalejiran

Udazken Txistu Taldea 2000 urtean sortu zuten ofizialki eta urte hartan bertan antolatu zuten lehenengoz Txistulari Eguna. Harrezkero ez du hutsik egin. Baina zornotzarrek, egun honegatik barik, domekero herrigunetik eskaintzen duten kalejiragatik ezagutzen dute batez ere. Urteko domeka denetan ateratzen dute txistua kalera: “Guk dakigula ez dago antzerako zerbait egiten duen beste talderik”, dio Ibarretxek. Zornotzako auzoetako jaietan ere parte hartzen dute eta urtean zehar beste hainbat ekimen antolatzen dituzte.

Ezkerretik hasita: Udazken Txistu Taldeko Iban Ibarretxe, Bermeoko Kankinkabara taldeko Lorea Landaluze eta Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitia gaur ekimeneko aurkezpenean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!