"Herrigintzan aritzeko, gutxieneko konsentsu batzuk beharko lirateke"

Anboto 2016ko ira. 16a, 11:30

David Latxaga Ugartemendia (Legebiltzarrerako EAJren Bizkaiko zerrendagaia)

Hiru legealdi egin ditu Zornortzan alkate moduan David Latxagak (2003-2015), eta iaz legebiltzarkide ere izan zen Gasteizen. “Eskumen propioak aldarrikatzeko akordio zabal” baten aldekoa da Mundakan jaiotako zornotzarra.

Baduzu eskarmentu politikoa.
Bai. Urte askoan izan naiz alkate Zornotzan, eta ia urtebete egin dut legebiltzarrean, ikasten eta ardurak hartzen. Batez ere, segurtasun eta justizia arloan izan ditut ardurak. Ana Otadui Batzar Nagusietarako presidente hautatu ostean, EAJk nigan jarritako konfiantza pozik eta harro hartu nuen.

Legealdi berrian ere egongo zara. Inkesten arabera, EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, 27-28 eserleku lortuz.
Inkesten arabera, Bizkaian 10-12 eserleku lortuko genituzke, bai. Baina, ez dago jakiterik. Azkenaldian, inkesta enpatxua ere badugu, baina inkestak inkestak dira. Hautesleen motibazio politikoa, sortutako zirrara hori ez da berdina hurbilago sentitzen ditugun hauteskundeetan eta gainerakoetan. Uste dut emaitzak udal eta foru hauteskundeetako emaitzen antzera joango direla. Espainiako gorteetarako motibazioa bestelakoa izan delakoan nago: Rajoi edo PPrekiko gorrotoa erakusteko era gehiago. Horretarako aukerarik onena Podemos izan da askorentzat. Ez dut uste hori gertatuko denik.

Elkarrekin-Podemosek 15-16 eserleku lortuko lituzke inkesten arabera. Ematen du indarragaz sartuko dela.
Elkarrekin-Podemos nahiko sakabanatuta ikusten dut nik. Herrietan, oro har, gure inguruan, militantzia non dagoen ikus daiteke: EAJ edo EH Bilduren militantzia indartsu bat ikus daiteke; baita PSE-EErena ere leku batzuetan. Podemos ez dut horren finkatuta ikusten. Hala ere, 2.000 bototik gora lortu zituen, adibidez, Zornotzan Espainiako hauteskundeetan. Aztertzeko gaia da. Esanguratsua da baita EAEn eta Katalunian bakarrik irabaztea ere. Ez dut uste hemen gainerako lekuetan baino indignatu edo haserre gehiago dagoenik. Hautesleen motibazioak desberdinak dira. Protesta botoa da Podemosena; arazoak handitzen diren neurrian haziko da. Baina, arazo horiei erantzunez gero, nahiko puztuta dagoen Podemos fenomeno hori jaitsi egingo delakoan nago.

Izango du baina eragina?
Inertzia baten barruan sartuta dago, eta uste dut izango duela eragina Elkarrekin-Podemosek hauteskunde hauetan. Baina, ez dut uste bigarren indarra izango denik. Agian, hirugarrena. Baliteke emaitzetan sorpresaren bat ematea. Izan ere, gauza bat da diagnosi bat egitea, eta bestea politika aplikatzea eta irtenbideak bilatzea. Herritarrekin gauzak partekatu eta politika egitea ondo dago, baina, ezin gaitezke notario bihurtu; inolako ekimenik gabe, proposamenik gabe. Alderdi batek proposamenak egin behar ditu; irizpideak azaldu. Alde horretatik, hankamotz dabiltzala uste dut.

Arnaldo Otegik ez du lehendakarigai izateko aukerarik izan. Zer deritzozu gai horri?
Arrazoi juridikoak eta politikoak daude hor. Arrazoi juridikoetan ez naiz sartuko, izan ere, nire ustez Otegik ez zuen kartzelan egon behar izan. Politikoki ez deritzot onargarria horri. Hau esanda, uste dut EH Bilduri ondo etorri zaiola eztabaida hau. EH Bildun bi arima sortu dira praxis politikoari dagokionez, eta elkar mokoka aritu dira. Bien artean liskarrak egon direla uste dut, eta Otegiren inhabilitazioak zelanbaiteko kohesioa ematen diola Ezker Abertzalearen militantzia osoari. Bat datoz denak Otegi lehendakarigai izan behar zuen ustean, nahiz eta batzuk ez egon ados harek hartutako bideagaz. EH Bilduk badaki ondo etorri zaiola. Badaki ur horietan murgiltzen, eta, zelanbait, hori bere onerako erabiltzen.

Ematen du ezinbestean itunak egongo direla.
Uste dut EAJren inguruan izango dela itun bat, baina, ez dakit zein. Gainera, zenbakiek eman beharko dute. Hala ere, ez dut uste lau urterako itun egonkor bat izango denik. PSE-EEgaz aurrekontuetarako ituna lotu dugu hiru urtean, baina, ez gobernatzekoa. Baina, azken hamarkadako lege garrantzitsuenetarikoa izan den udal legea EH Bildugaz atera genuen. Etxebizitza legea, berriz, EH Bildu eta UPyDgaz atera zuen PSE-EEk.

Orain arteko bide horri jarraituko zaiola uste duzu?
Eszenario guztiak dira posible. Baina, gai zehatzei lotutako itunak ikusten ditut gehiago. Hala ere, uste dut zenbait arlotan, itun sendoak lortzeko EAJ, PSE-EE eta EH Bildu —gurean tradizo gehien dutenak— egon beharko ginatekeela: adibidez, bake eta bizikidetzan edo estatus berriaren inguruan sakontzeko. Herrigintzan aritzeko gutxieneko konsentsu batzuk beharko lirateke. Honen aurrean, PSE-EEk gerra linguistiko bat zabaltzeak kezkatzen nau.

Gobernu “sendo” eta “arduratsua” behar dela esan du Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, eta langabezia tasa %10etik jaisteko lan egingo duela.
Datozen lau urteei begira, buruz eta bihotzez jokatu behar dugu. Horretarako, neurri egingarri eta errealistak proposatzen ditu EAJk, gizarte, osasun edo hezkuntza arloan. Eremu sozioekonomikoan langabeziak arduratzen gaitu, eta langabezia-tasa %10etik behera jaitsi gura dugu. Politika sozialik onena dela uste dugu, ekonomia berpizteko modurik onena. Eskumen propioak aldarrikatzeko akordio zabal bat lortu behar dela ere uste dut, horrek eragin zuzena izango luke arlo ekonomiko zein sozialean. Espetxe politikan ere izan behar dugu eskumena, eta estatu berri baten sakontzeko ere oso garrantzitsua da era transbertsalean landu beharreko gaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!