Pasiotarren ikastetxeetatik igaro diren Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta baita Galiziako ehunka ikasle Euban biltzeko asmoa dute antolatzaileek urteurrena ospatzeko. 11:00etan elkartuko dira parrokiaren aurrean. Antzinako ikaskideekin sasoi bateko gomutak partekatzeko unea izango da. Hamaiketakoaren eta harrera ospakizunaren ostean, 12:00etan, argazki zaharren erakusketa bisitatuko dute; besteak beste, 60ko eta 70eko hamarkadetan hain ezagun egin ziren Eubako Euskal Jaien argazkiak jaso dituzte. Ondoren, atzera begirakotik gaur egunera etorri eta ikastetxeko azpiegiturak bisitatuko dituzte. Horrela, iraganeko azpiegiturak gaurkoekin konparatzeko aukera egongo da. Beste hainbeste egin ahal izango du nork bere buruagaz ondoren. Taldeko argazkiak atera eta sasoi batekoekin alderatzeko aukera egongo da.
Euskararen garrantzia
Eubako ikastetxea 1956ko irailaren 14an ireki zuten, 110 ikaslegaz. Ondorengo 60 urteak hiru alditan banatu daitezke: Apaiztegiaren aldia, 1956tik 1969ra; San Gabriel Ikastetxearena, 1969tik 1981era; Lauaxeta Ikastolarena, 1981etik 2016ra.
Frankismoa indarrean zegoen sasoian euskara lantzeko eta sustatzeko egindako lana da ikastetxearen ibilbidea definitzen duen ezaugarrietako bat. Euskararen mundu debekatu hura lantzeak (Jose Mari Larrarte eta Koldo Sarasolagaz, esaterako) gerora euskal kulturan ezagunak izan diren izen batzuk eman zituen: Xabier Mendiguren, Jose Lizarralde eta Joxe Mari Iriondo, besteak beste.
1963an, bost urte iraungo zuen Bidez euskara hutsezko aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Euskal kultura garatzea zuen helburu, euskara idatzizko komunikazioaren eta heziketaren ardatz hartuta.
Euskal Jaiak
1959tik 1979ra ezagun egin ziren San Pablo Gurutzetako pasiotarren sortzailearen eguna ospatzeko Euskal Jaia ospakizunak. Jarduera erlijiosoez gainera, euskal kulturaren inguruko abeslari, bertsolari, dantzariak… ekartzen zituzten, eta egun arrakastatsua izaten zen, oro har, giro euskalduna bizi zuten euskaltzaleen artean. Esaterako, 1964an, pasiotarren ikastetxearen ingurua jendez gainezka azaldu zen Basarri, Lazkao Txiki, Azpillaga eta Mugartegiren bertsoak entzuteko. Lupe, Gontzal Mendibil eta beste musikari batzuk ere ekarri zituzten.