Umeen artean literaturzaletasuna pizteko Kontuleku tailerra Zornotzan

Anboto 2016ko ira. 13a, 09:46

Zornotzako liburutegiko tailerra hiru eta zazpi urteko umeei zuzenduta dago. Izen-ematea hasi dute plaza mugatuekin.

Kontuleku tailerrean istorioak kontatzeko plazerra eta liburu berriak ezagutzeko grina uztartzen dituen gune bat sortu nahi dute, literatur zaletasuna modu ludiko eta dibertigarri batean bultzatzeko. Tailer honen bidez umeak liburuek bizitzan zehar eskainiko dizkieten onuretaz konturatzen hastea da helburua. 3 eta 7 urte arteko umeek parte hartu ahal izango dute baina beti ere nagusi batek lagunduta joan beharko dira. Plazak mugatuak dira.

Horrez gainera, liburutegiak urritik abendura arteko beste hainbat ekintzatarako izen-ematea ere hasi du. Esaterako, urteko azken hiruhilekoan, euskaraz zein gaztelaniaz izango diren irakurketa taldeak azpimarratu daitezke. Biak hilean behin izango dira. Parte hartu nahi duten zornotzarrei askotariko estiloko irakurgaiak eskainiko zaizkie eta inguru atsegin batean beste irakurle batzuekin beraien esperientzia partekatzeko aukera izango dute. Literatura euskaraz zein gaztelaniaz deskubritzeko eta beste irakurle batzuekin partekatzeko bilgune izan gura du.

Liburutegiak eleberri bat euskaraz zein gaztelaniaz idazteko tailerrak ere martxan jarriko ditu. Tailer horietan idazketaren zirrikituak zeintzuk diren azalduko dituzte eta beren lehen eleberria idatzi nahi dutenei lagundu egingo diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!