Kaitana plaza gaurtik erabilgarri dago anbulatorio berriaren ondoan

Anboto 2016ko ira. 5a, 09:18

Kaitana izeneko plaza erabilgarri dute zornotzarrek herriaren sarreran. Plaza berri hau, gaur ateak zabaldu dituen anbulatorio berriaren inguruetan burutu diren lanen emaitza da.

Zuhaitzez hornituta dagoen 1.600 metro karratuko plaza da, anbulatorio berriaren eta babeseko 30 etxebizitza eta 32 etxebizitza libreren arteko gunean kokatua. Udal arduradunek azaldu dutenez, "bertan zeuden hiru arbola handiek garrantzi handiagoa bereganatu dute, plazaren erdigunea osatzen baitute orain. Erdigune horren inguruan jarlekuak ezarri dira, erabiltzaileen atsedentoki ".

Espazio publiko berri horrek amaiera eman die inguru horretan, Betarraganerekin bat egiteko asmoz burutu dituzten lanei. Lanak, hain zuzen ere, San Juan eta San Migel kaleetan eta euron alboetan gauzatu dira, eta lehentasuna eman diete oinezkoei, udalerrian egin berri diren gainerako lanetan bezala. "Osasun zentro berrira modu errazean eta erosoan iristea bermatzea da, besteak beste, aintzat hartu diren kontuetako bat", udalaren arabera.

Plaza berria ez ezik, egindako beste aldaketa esanguratsu bat San Migel kalean gauzatutakoa da, ibilgailuak sartzeko erreietako bat desagerrarazi baita. San Juan eta Gregorio Mendibil kaleen arteko lotunetik San Migel kaleko errotondarainoko tarteari eragin dio aldaketak, kale horretako 21 zenbakiraino hain zuzen. Galtzadaren zabalera berdindu egin dute, eta erdiko irlatxoarena ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!