Euskaraz ikasteko eskaintza zabala eskaintzen dute Zornotzako AEK, udal euskaltegi eta barnetegiak

Anboto 2016ko ira. 2a, 08:25

Ezkerretik eskumara: Idoia Zuluaga udal euskaltegiko zuzendaria, Marivi Zubiaga barnetegiko zuzendaria, Andoni Agirrebeitia alkatea eta Julio Aranguena Zornotzako AEKko arduraduna

Euskararen irakaskuntzan diharduten herriko eragileek aurtengo eskiantzaren berri eman dute. Izen-ematea hasita dago.

Orain urte batzuk hasitako bideari jarraituz Zornotzako Udal Euskaltegiak, AEK-k eta barnetegiak prentsaurreko bateratuan eman dute aurtengo eskaintzaren berri. Helburu amankomunak dituzte: Euskaldunak egitea eta euskara komunikazio hizkuntza bihurtzea, besteak beste.

Zornotzako AEK-k euskaraz ikasteko ohiko ikastaroaz gainera, gizarteko eskakizun zehatzagoei erantzuna emateko beste hainbat ere eskaintzen ditu: Tituluak lortzera begirakoak, esaterako, C2 ikastaroagaz.

Gizarte ohiturak aldatzen doaz eta klaseak emateko moduak ere joera berrietara moldatu behar izaten dira. Horren adibide dira interneteko on-line eskaintza eta “aspaldian gero eta jende gehiagok” eskatzen duen autoikaskuntza, Julio Aranguena Zornotzako AEKko arduradunaren arabera: “Jendeak ezin du askotan etorri ordutegi jakin batean eta berak ahal duen ordutegirako irakasle bat eskatu dezake. Programazio berezi bat sortzen dugu beharraren arabera”.

Udal euskaltegia

Udal euskaltegiak urtero urtero saiakuntza eta errakuntza metodoa aplikatuz lortu du “arrakastatsua” den eskaintza osatzea Idoia Zuluaga zuzendariaren esanetan. Eskaintza osoa kontuan hartuta 2013-14 ikasturtean 172 ikasle izan zituzten eta iaz 212. Hiru urtean ia %20 egin du gora ikasle kopuruak.

Funtzionatzen duena mantendu eta arrakastarik ez duena baztertu egiten dute. Bigarren atal horretan daude autoikaskuntza eta modelo mistoa; iaz ez zuten funtzionatu eta aurten ez dituzte eskainiko. Ohiko ikastaroek (urritik ekainera astean lau egunetan) eta bezeria zehatzetara bideratutako hainbatek, aldiz, harrera ona dute eta horiekin osatu dute aurtengo eskaintza.

Jomuga berezietarako ikastaroen artean merkatari eta tabernariei bideratutako berri bat sortzen saiatuko direla adierazi du Zuluagak. Horrekin batera etorkinentzako AISA ikastaroei —orain urte bi sortua— eta nagusientzako ikastaroei —iaz lehenengoz— eusten diete. Adin jakin batetik gorakoei bideratutakoan iazko talde biei eustea eta berriren bat sortzea espero dute.

Aurreko urteetan legez, langabetuek udaletik diru-laguntzak jaso ditzakete udal euskaltegirako: matrikula eta ikasturte osoko kurtsoa 10 euroan egiteko aukera dute.

Barnetegia

“Euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea. Hori da gure eskaintza sendoena eta gure jardunaren ardatza”. Horrela laburbiltzen du Zornotzako Barnetegiaren esentzia Marivi Zubiaga zuzendariak. Horrez gainera eskola eta enpresetan ikastaro espezifikoagoak eskaintzen dituzte on-line zein aurrez aurre.

Autoikaskuntza ikastaroak ere badituzte A-2 mailatik C-2 mailaraino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!