Gaur irekiko dute Osasun Zentro berria etengabeko arreta guneagaz

Anboto 2016ko ira. 2a, 09:45

Osasun Zentroko eraikin berria San Miguel kalean.

Zornotzako Osasun Zentro berriak gaur irekiko ditu ateak. 17:00etatik aurrera, asteburuetan indarrean egon ohi zen Etengabeko Arreta Gunea zerbitzua eskaintzen hasiko dira azpiegitura berrietan. Osasun Zentroan eskainiko dituzten gainerako zerbitzu guztiak astelehenetik aurrera egongo dira indarrean eraikin berrian. Horrekin batera, astelehenean bertan Kaitanako parke berria ere irekiko dute.

2014ko azken hiruhilekoan hasi zituzten Osasun Zentro berria eraikitzeko lanak. Guztira, ia 4.000 metro karratu ditu lau solairutan banatuta.

Zentro berrian eskainiko duten zerbitzu berrietako bat birgaitze gunea izango da. Orain arte, zornotzarrek eta Arratia eskualdeko biztanleek Galdakaoko ospitalera joan behar zuten zerbitzu hori jasotzera. Osakidetzako datuen arabera, 2013an 5.520 pazientek erabili zuten birgaitze gunea Galdakaoko ospitalean. Zornotzako azpiegitura berrian lehen solairuan eta hiru gelatan banatuta egongo da.

Zerbitzuen banaketa
Beheko solairuan bezeroen arretarako gunea, familia medikuntzako eremua (erizaintza, sendaketa gela, odola ateratzeko gela eta proba osagarrietarako gela), eta pediatriako eremua egokitu dituzte. Lehen solairuan, birgaitze guneagaz gainera, emakumearen arreta gunea (ama hezkuntza, emagina, ginekologia eta azterketa guneek gela bana dute), eta familiako medikuntzarako beste gune bat (erizaintza eta sendaketarako hainbat gelagaz, besteak beste) jarri dituzte.

Bigarren solairuan ere familia medikuntzari bideratutako hainbat gela egokitu dituzte, eta baita kirurgia txikientzako gune bat ere. Osasun zentroko unitate buruaren bulegoa ere bigarren solairuan kokatuta egongo da.

Eraikin zaharra
Orain arte Zornotzako Osasun Zentroa hartzen zuen eraikina hutsik geratuko da astelehenetik aurrera. Udalak musika eskola berri bat egingo du gune horretan. Horretarako, idea lehiaketa bat abiatu eta 2015 erdialdean proiektu irabazlea aurkeztu zuten. Javier de las Heras Solé arkitekto katalanak aurkeztutako proiektua hautatu zuten Zubiaur Musika Eskola berria eraikitzeko. Hiru solairuko eraikina izango da, eta denera, mila metro koadroko azalerakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!