Zornotzako Ziztada guneak apirilaren 11n herriko euskarazko aisialdiaren inguruko bideo bat landu eta argitaratu zuen apirilean. Bideo horretan umeek eta gazteek denbora librean euren gustuko ekintzak, ikastaroak, kirolak.. euskaraz egiteko zer aukera dituzten aztertzen zen.
Udalak eta bere menpean dauden erakundeek “ez dute bermatzen aisialdia euskaraz aukera egitea, zenbaki totalean, %70 erdaraz eskaintzen dute eta %30 euskaraz”.
Bideo honen harira, Ziztada guneak apirilaren 26an eskaera ofizial bat sartu zuen Zornotzako udaletxean. Eskaera horretan udalari eskatu zioten euskara normalizatzeko urratsak emateko eta horretarako herritarrez osatutako lan-talde bat eratzea udalarekin batera lan egiteko, arlo hori euskalduntzen joan dadin: “Ia 3 hilabete pasatu dira jadanik, eta erantzun ofizial barik jarraitzen dugu. Horregatik guztiagatik udalaren eta alkatearen utzikeria salatu nahi dugu”. Ziztada Guneak kritikatu duenez, “marketinga egiteko eta argazkia ateratzeko oso ondo dago Euskararen plan estrategikoa aprobatzea, baina euskaraz bizitzeko eta bultzatzeko benetako pausuak, neurgarriak eta eraginkorrak direnak, emateko garaia dela pentsatzen dugu”.