Zornotzako jaiak 2016

Solidaritatez beteta daude jai lasterketako kilometroak

Anboto 2016ko uzt. 21a, 13:00

Iazko gaztetxoen lasterketa bateko irudia. (Argazkia: Zornotzako Korrikalariak)

Zornotzako Korrikalariak taldeak jaietan antolatzen duen lasterketak bosgarren aldia egingo du aurten. Umeak eta gaztetxoak kirolera erakartzea da ekimenaren helburua, eta hori ukitu solidarioekin jantzi dute urtetik urtera.

Lasterketak uztailaren 24an izango dira, eta izen-ematea doakoa da. Parte-hartzaileen ekarpena beste era batekoa izan dadin gura dute: solidarioa. Horrela, janari bilketa egingo dute, Zornotzan beharrizana duten familia eta pertsonei laguntzen dien ASA (Accion Social de Amorebieta) taldeari laguntzeko. Izena egunean bertan eman daiteke, eta gune horretan itsulapiko bat ere jarriko dute ekarpen ekonomikoa egin gura dutenei zuzenduta.

Horregaz batera, kultura eta herritartasun desberdinen artean zubiak eraikitzeko baliatu gura dute proba, batez ere gaztetxoen artean. Horrela, goizean zehar antolatuko dituzten askotariko lasterketetako bat Zornotzako hainbat familiek urtero udan etxean hartzen dituzten ume sahararrei zuzendutakoa izango da.

Errelebo lasterketak
Lasterketak mailaka banatu dituzte, adinaren arabera. 2-3 urtekoentzat 12:00etan hasiko dira. Hortik aurrera, 15 urtera arteko gaztetxoentzako lasterketak egongo dira, 12:30 arte.  

Ondoren, aurten nobedadea den erreleboetako lasterketa egingo dute. Atletismoa bakarkako kirola denez, adiskidetasuna bultzatzeko eta dibertigarriagoa izateko sortu dute 7-15 urteko gazteei zuzendutako errelebo proba (800 metro).  Gazteen lasterketetan parte hartzen dutenek opari bana jasoko dute.

Eguerdian nagusien lasterketak hasiko dira, gizonetan eta  emakumeetan. Zornotzako herrigunean milia bateko ibilbidea osatu beharko dute denek. 13:00etan 16-34 urte artekoena hasiko da, eta 13:10ean 35 urtetik gorakoena. Lehen sailkatuek garaikurra jasoko dute. Sari banaketaren ostean zozketak egingo dituzte partaideen artean.

Lasterketa desberdinetarako izen-ematea helbide elektroniko bidez egiteko aukera ere badago, uztailaren 22ra arte: zornotzakokorrikalariak@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!