Zornotzako jaiak 2016

Stop Sanfilippo elkartearen aldeko kontzertu solidarioa

Anboto 2016ko uzt. 21a, 09:10

BIOS orkestrak Zornotzan egiten ditu entseguak.

Jaietan ere elkartasuna adierazteko aukera izaten dela erakutsi dute Zornotzan. Izan ere, herriko musikariek, BIOS orkestra bidelagun dutela, kontzertu benefikoa eskainiko dute uztailaren 24an, Zornotza Aretoan. Ekimenaren helburua Sanfilippo Euskadi VAAS elkartearen aldeko diru-bilketa egitea da. Kontzertu solidario hau 12:00etan eskainiko dute.  Gaixotasuna dutenen familiek 2013ko abenduan sortu zuten elkarte hau, sindromearen ikerketa sustatzeko eta terapiarako dirua lortzeko.

Herriko musikariek bat egin dute egitasmo honegaz. Agate Amilibia (biolontxeloa), Elisene Alzola (biolina) eta Xabier Lijo (oboea) musikariek BIOS orkestra izango dute lagun. Txaber Fernandez izango da kontzertu berezi honen zuzendaria.

Athleticeko kamisetak
15 eurokoa izango den sarreragaz batera, hainbat sari erakargarri eskuratzeko aukera izango dute kontzertura bertaratzen direnek. Athletic Clubeko jokalariek sinatutako kamiseta eta baloia zozkatuko dituzte entzuleen artean. Gainera, Fito Cabralesen txapel bat ere zozkatuko dute. Kontzertu solidariorako sarrerak Kapi eta Charanga arropa-dendetan egongo dira salgai.

Abesbatzen ekimena
Zornoza eta Abeskimu koralei esker sortu da kontzertu hau antolatzeko ideia. “Ametx eta Zornotzako Udalaren laguntzari esker izan da posible burutzea”, azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!