Elikadura ekologikoaren interpretaziorako zentroa ireki dute Zornotzan

Anboto 2016ko uzt. 20a, 17:39

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Zornotzako Jauregibarrian duen egoitzan bisitatu daiteke aurrerantzean.

Erakusketa autogidatua da. Azpijarduera ezberdinen arabera sailkatutako hiru paneletan (Nekazaritza, abeltzaintza eta eraldaketa), Europako ekoizpen ekologikoaren araudian ezartzen diren xehetasunak eta baita alderdi esanguratsuenak azaltzen dira. Laugarren panel batean, ziurtapen ekologikoa onartzean eragileek gardentasunarekin egiten duten konpromisoa azaltzen da. Panel hauetariko bakoitzean ‘tablet’ bat dago, ikus-entzunezko materialen bitartez atal bakoitzari buruzko informazioa ematen dutenak era ulerterrazean. Horrez gainera, Euskadiko eragile ekologikoak biltzen dituen mapa ere badago.

Bulego ordutegian bisitatu daiteke. Udan 08:00etatik 15:00etara eta urteko gainerako hileetan 08:00etatik 18:00etara.

Askotariko ordezkari politikoak bertaratu dira irekiera ekitaldirako. Jauregibarria baserriko atarian aurreskua dantzatu diete. Ostean, Roman Bengoa  ENEEK-eko presidenteak erakusketaren gaineko azalpenak eskaini ditu. Ondoren, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura politikako sailburuordeak adierazi duenez, nekazaritza ekologikoa arlo askotatik bultzatu beharra dago, sentsibilizazioa da horietako bat eta interpretazio gune berriak horretan lagunduko du. Ondoren, askotariko erakundeen arteko lankidetzari esker elikadura ekologikoa bultzatzeko indarrean dagoen plangintzari buruz jardun du. “Anbizio handiko” plangintza dela onartu du. Lortutako datuak “onak” dira, baina “gehiago espero genuen eta dugu”. Horregatik, nekazaritza ekologikoa bultzatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du.

Orozen esanetan azken urte bietan %38 gehitu da elikadura ekologikoko eragileen (baserritarrak, elaboratzaileak, dendariak, banatzaileak…) kopurua: 378tik 525era. Epealdi berdinean sektore honetako fakturazioa %85 igo dela nabarmendu du: 7 milioi eurotik 13 milioi eurora.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!