Prentsa ohar batean azaldu dutenez, “herritarren zati bat ahots barik” uzten ari dira eta “mespretxatu” egin dituzte eurek proposatutako hainbat gai: Kantzerraren gaineko inpaktu-azterketa, aldaketa klimatikoarena, herri-galdeketarena edo animalien kontrako tratu txarrena, esaterako. Azken gai horretan, animalien kontrako tratu txarren kontrakoan, “animalien heriotza eragiten duten edo tratu txarrak ahalbidetzen dituzten ekitaldiei edozelako laguntza publikoak kentzea eskatzen zen”, azaldu dute Zornotzako jaietako adibide bat jarrita: “Esaterako, kontaezinezko usakumeen hilketa funsgabe eta zentzugabea jaietan, zeina Europar Batasuneko estatu bitan bakarrik dagoen baimenduta, horietako bat Espainia delarik”.
“Batzuei” iritzi jakin batzuk plazaratzea “deseroso” egiten zaiela salatu dute, bai udal interesei dagozkienak eta bai gaur eguneko posizionamendu politikoei dagozkienak. Euren lanean jarraituko dutela adierazi dute: “Lan horretan jarraitzeko botoek ematen diguten legitimitatea, herrian txertatzen ari den politika egiteko modu berriarena eta kideko taldeen babes eta aholkularitzarena ditugu”.