Zerbitzu eta Ingurumen batzordean “behin eta berriz” plazaratu duten premia dela adierazi du: “Erkidego mailan ingurumen teknikaririk ez duen herri bakarra ez bagara bakarrenetakoa gara”.
Ingurumen arloko udal jardueran ikusten dituen hutsuneak zerrendatu ditu. Ekologistak martxaneko txosten baten arabera, iaz Zornotzan suspentsio partikulen datuek Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako muga pasa zuten urteko 21 egunetan. Datu “kezgarria” da eta “guk dakigula ez da datu horien inolako jarraipenik egiten”.
Zaborren kudeaketari buruz “herritarren artean kontzientziazio lan handia dago egiteko”. Oiangurenen arabera, esaterako, gaiko bilketaren portzentaia %19koa zen 2014an, Bizkaia eta EAEko batez bestekoa %33koa denean.
Gainera, 2013an klimaren aldaketaren aurka lan egiteko konpromisoak jasotzen zituen mozio bat aho batez onartu zen arren, “udalak ez du konpromiso horietako bat ere bete”. Azkenik, Udalsarearen barruko tokiko agenda 21eko ekimenak “guztiz paralizatuta” daudela kritikatu du: “Udalsarea koordinatzen duen erakundeak, gai konkretu batzuk salbu, udalaren partetik inplikazio falta somatzen duela esan du”.
Horiek horrela, hurrengo batzordean gai horretan —ingurumen teknikariaren premia— zentratzea eskatu du, alde horretatik pausuak ematen hasteko.
EAJren erantzuna
Juan Mari Ugalderen (EAJ) esanetan “nik onartuko nuke beste teknikari bat, zenbat eta laguntza gehiago hobeto da, baina posible den edo ez ikusi behar dugu”. Edozelan ere, hurrengo batzordean gaia eztabaidatzeko prest agertu da.
Ekologistak martxaneko txosteneko datuen berririk ez duela, baina teknikariekin berba egingo duela eta hurrengo batzar batean komentatuko direla iragarri du.
Zabor kudeaketari buruz, “Zornotzako herritarrei ematen dizkiegun baliabideak inguruko herrietakoen gainetik daude eta udalak bere partea betetzen du”, defendatu da. Orain arte kanpainak egin izan direla eta aurrerantzean ere egingo dituztela iragarri du.
Udalsareko betekizunen inguruan “egia da ez dela sustatu”, baina oro har “prozedura asko” dituen eta “eginkizun zehatz gutxi” gauzatzea ahalbidetzen dituen bidea dela uste du. “Prozedura astunak dira”. Oro har arlo horretan eman den beherakada joera orokor baten barruan dagoela dio.
Hiri Ekimena ados EH Bilduren proposamenagaz
Hiri Ekimeneko Abel Isasi zinegotziak ere ingurumen teknikari bat behar dela eta kontzientziazio kanpainak sustatu behar direla uste du. Ekologistak martxaneko txostenaren datuak “oso kezkagarriak” iruditzen zaizkio eta proposamen bat luzatu du: “Orain urte batzuk bazegoen panel bat herrian airearen kalitatea adierazten zuena, Bilbon dagoenaren antzerakoa. Jendeak eskatzen dituen datuak dira. Horregatik, aproposa izan daiteke aparkalekuetako plaza libreak jasotzen dituen panelen batean airearen kalitatearen gaineko informazioa ere argitaratzea”.
Andoni Agirrebeitiaren esanetan “teknikoki posible bada ez dago inongo arazorik eta berba egingo dugu”. “Datu publikoak” direla gogoratu du.