Ogenbarrena auzoko espazio publikoa berrontolatzeko zein azpiegiturak berrizteko lanak amaitu berri dituzte. 2015 hasieratik hona hiru fasetan banatuta gauzatu dute proiektua. Oro har, egitasmo osoaren ardatza “oinezkoei lehentasuna” emango zien espazioa sortzea izan da Andoni Agirrebeita alkateak gogoratu duenez.
Juan XXIII. kaleko zati bat oinezkoentzako bakarrik berrantolatu dutela da azken faseak izan duen berezitasunetako bat. Auto bako gunea da orain. Eserleku, argiteria eta zuhaitzekin atondu dute oinezkoentzako gune berria.
Bestela, aurretik egindako lanen ereduari jarraituz, espaloiak zabaldu eta irisgarritasun neurrietara egokitu dituzte. Bideak asfaltatu eta aparkalekuak ere berrantolatu dituzte.
Argiteria publikoa ere berriztatu dute energetikoki “eraginkorragoa” izan dadin. Lanen aurretik etxebizitzen eraikinetako hormetatik zintzilik zeuden kale argiak. Horiek denak kendu eta lurrean berriak jarri dituzte.
Zoruaren azpiko hodieria eta azpiegiturak ordenatzea eta berriztatzea izan da beste lanetako bat. Ikusten ez diren eta une askotan konplikaziorik gehien eragin duten lanak izan dira udal arduradunen esanetan.