Txupinazoaren egunean, uztailaren 15ean, 22:30ean, Zubiondo parkean Ken Zazpi gernikarren kontzertua entzuteko aukera egongo da. Horren aurretik, 20:30ean hasita, Broken Brothers iruñarrak kalez kale ibiliko dira blues eta jazz doinu dantzagarriak Kalbarioan eta Euskal Herria enparantzan zehar eskaintzen.
Yellow Marsupials talde durangarra ere zuzenean arituko da Karmen jaietan. Talde horrek, Zornotzako Udalak Durangaldeko beste udal batzuekin elkarlanean antolatzen duen Maketa Lehiaketaren aurtengo edizioan eskuratu zuen Zornotzako jaietan aritzeko saria. KOP talde katalanaren aurretik joko dute, uztailaren 16an, 23:00etan, Txosnagunean.
Laboa Jazz
Mikel Laboaren lanaren miresle diren lau musikariren Laboa Jazz emanaldia entzuteko aukera ere eskainiko du Zornotzako jaietako egitarauak. Iñaki Salvador pianista, Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariak eta Anjel Unzu gitarrista arituko dira Laboaren kantak interpretatzen, uztailaren 17an, Zelaieta parkean, 22:00etan.
Jaietako programazioak jasotzen duen musika eskaintza zabal eta anitzaren adibiderik garbiena uztailaren 22ko koadrilen eguneko musika egitaraua da. 21:00etan, txistu kontzertuaren XVII. edizioa egingo dute Zelaieta parkean, eta Keu Agirretxea musikaria gonbidatu dute emanaldi horretara. 23:00etan, bestalde, Kiko Veneno entzuteko aukera egongo da Zubiondo plazan. 1979an Camaronen La leyenda del tiempo diskoan kolaboratu zuenetik, Sevillako musikariak hamarkadak daramatza rocka eta flamenkoa uztartzen.
Bestelako doinuen zaleak txosnetan elkartuko dira uztailaren 22an, 23:00etan, Steerpers Zornotzako taldea eta Arkada Social entzutera.
Uztailaren 24an, 23:00etan, Zubiondo parkean joko du Muzik izeneko seigarren diskoa kaleratu duen Delorean talde zarauztarrak.