Zornotzako jaiak 2016

Zornotzan euskal kulturaren udabarria izan zen dantza taldea

Anboto 2016ko uzt. 13a, 09:23

Udabarri dantza taldeko dantzariak Edinburgon (Eskozia).

Udabarri dantza taldeak Karmen jaiei hasiera emango dien pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko du barikuan. Gaur egun dantzetara mugatzen dira batez ere, baina sorreran eta ondorengo urte askotan, Zornotzan euskal kultura sustatzen, tradizioak berreskuratzen eta euskalgintzan aritu ziren, besteak beste.

Frankismoaren neguan sortu zuten dantza taldea, 1966an. Hala ere, urte haietan, neguko elur geruzaren azpitik euskal kultura berpizten ziharduten mugimenduak ernatzen zebiltzan Euskal Herrian. Neguaren osteko udaberria iragartzen zuten ahalegin haiek. Horregatik deitu zioten Udabarri Zornotzako dantza taldeari. Ez baitzen dantzarako bakarrik sortu: “Aurretik beste dantza talde bat ere egona zen, eta ‘Zergatik ez berreskuratu?’ pentsatu genuen. Baina hori, zelanbait esanda, aitzakia bat zen. Euskal kulturaren eta ohituren alde lan egiteko sortu genuen”, gogoratu du Jose Mari Agirre (1948, Zornotza) taldeko sortzaileetako batek eta gaur egungo presidenteak.

‘Dantza munduan murgilduta eman zituen lehenengo pausoak, baina zein kultur ekintza izan ote da Udabarrik ikutu ez duena? Seguruenik bat ere ez’, jasotzen du 25.urteurrenaren harira dantza taldearen ordura arteko historia jasotzeko argitaratu zuten liburuak: “Azokak, mendi irteerak, kantaldiak, konferentziak… denetarik egin izan dugu”, dio Agirrek.

Lehen urteetan Karmeldarrek eta Larreako nagusi Aita Santi Onaindiak lagunduta, Karmeldarren komentuan eta gaur egun Etxe Gorria deritzon etxean aurkitu zuten entseguetarako lokala.

Hasieratik, eta urte luzez, zornotzarren artean erantzun eta atxikimendu handia jaso zuen dantza taldeak: “Ia-ia herri osoa pasatu da hemendik. 25. urteurrenean 400 edo 500 bat lagun batuko ginen”.

Udaberriaren osteko udari bide emateko lan egin zuten. Batek baino gehiagok oraindik gogoan izango dute 60ko hamarkada amaieran antolatutako jaialdia. Euskal kantungintza berria sortu berria zen, eta baita Ez Dok Amairu taldea ere, eta inguruetako lehenengo jaialdia Zornotzan egin zuten Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi eta enparauekin: “Jende asko batu zen. Herrikoa zein kanpokoa. Itzela izan zen”.

Euskalgintzan ere jardun zuten. Zornotzako herrian lehenengo euskarazko klaseak Udabarri taldearen inguruan eman ziren Aita Santiren eskutik: “Euskara klase libreak izan ziren, gura zuten denek parte hartzekoak. Orduan ez baitzegoen horretarako aukerarik”.

Guardia Zibilen koartela herrian, tentuz ibili beharra izan zuten sarritan; 1968ko Euskal Jaian esaterako. Guardia Zibilak abisu eman zien Ikurrinaren alboan Espainiako bandera ere jartzeko. Ikurrina bakarrik jarri zuten, baina ez beraiek, Ipar Euskal Herritik etorritako dantza talde batek baino. Horrela, Guardia Zibila ekitaldira bertara kargu hartzera etorri zitzaienean, bazuten aitzakia: “Haiek jarri dute, eta ikurrina erabiltzeko autorizazioa izango dutenez… guk ezin dugu ezer egin”, esan zien Agirrek. Hala ere, hurrengo egunean koartelera deklaratzera joan behar izan zuen.

Antzinako eta galtzorian zeuden hainbat ohitura berreskuratzen ere lan sakona egin du Udabarrik; Agate Deunaren koplak abestea, esaterako: “Gaur egun, ikastetxeetatik-eta, esaterako, ikasle asko irteten dira koplak abestera, baina orduan ia galduta zegoen ohitura zen herrian”.

Eta, zelan ez, dantzan eta dantzan aritu dira, baita Europan ere: Dax-en (Frantzia), Eskozian eta Herbehereetan egon izan dira. Nazioarteko dantza taldeak ere ekarri izan dituzte Zornotzara.

Gaur egun, nagusi eta gazte, 80 bat kidek osatzen dute Udabarri: “Apur bat eskas gabiltza”, onartu du Agirrek. Erreleboa falta zaie, batez ere gaztetxoak. Udazkena udaberri berri baten zain. Belaunaldiz belaunaldi eman beharreko dantzarako transmisioa berpiztean egon daiteke aupada berri baterako gakoa.

Edozelan ere, 50. urteurrena jaialdi bategaz herritarekin ospatzeko asmoa dute. Hori lantzen dabil beren beregi dantza taldeko batzorde bat. 2016/17 ikasturtean izango da, seguruenik abenduan.

Inguruetako lehenengo Euskal Kanta Jaialdian jendetza batu zen.

Lehen urteak; Udabarriko dantzari gazteak Euskal Jaia ospatzen.

25. urteurrenaren harira antolatutako jaiko irudia, 1991n.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!