Maiatz amaieran iragarri moduan, Zornotzako Udalak hasi ditu Larreako futbol-zelaia berriztatzeko obrak. Egingo diren lan nagusiak futbol 7ko zelaiak handitzea —bi izatetik hiru izatera pasatuko dira— eta udalerriko lehenengo errugbi-zelaia sortzea izango dira. Horretarako, zelaia markatuko dute eta errugbiko bi ate desmuntagarri berri jarriko dituzte.
Lan horiekin batera honakoak ere burutuko dituzte: bide-zorua berriztatzea, soropil artifiziala osorik aldatzea eta ureztatzeko drainatze perimetrala hobetzea.
Halaber, biltegi bat jarriko da, ureztatze automatikoko sarerako ur-tanga gisa erabiliko dena. Aipatutako ur-tanga aurretik adierazitako sareetatik hustutako uragaz beteko da. Ur-tanga horri esker, euriaren ur-isurketatik ateratako ura aprobetxatuko da ureztatzeko.
Une honetan kornerretan eta erdiko marraren bi aldeetan itxarote-bridak daude, ureztatze kanoiak jartzeko. Jada dauden ureztatzeko sei aspertsore birjartzeko erabiliko dira brida horiek. Aipatu behar da beharrezkoa den obra zibila egingo dela bridak zein aspertsoreak jokalekutik kanpo geratu daitezen.
Proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoa 400.000 euro ingurukoa da eta irailean bukatuko direla aurreikusi da.