Martzel Do Nascimento 18 urteko zornotzarraren kartelak iragarriko ditu Karmen Jaiak

Anboto 2016ko eka. 14a, 14:51

Martzel Do Nascimento kartel irabazleagaz

Espraiagaz eta olio-pinturagaz egindako lanak irabazi du kartel lehiaketa.

Martzel Do Nascimento Goiria 18 urteko zornotzarraren kartelak iragarriko ditu aurtengo Karmen Jaiak uztailaren 15etik 27ra. Osorik eskuz egindako lana da. Grafitien mundua ondo ezagutzen du, baina “gauza berriak” probatzen ere ari da. Horrela, espraiaz gainera, olio-pintura ere erabili du irudia osatzeko. Bere arreba Ianarak sartu dizkio errutuluak, testua eta azken argiztapena. Horixe da irudiak duen osagai digital bakarra: "Oso pozik nago bere lanagaz eta eskerrak eman gura dizkiot". 

Irudian hainbat esku zerurantz jasota ageri dira. Horietako batek globo gorri bati eusten dio eta globoaren barruan Andres Nagelen eskultura ageri da, 'Patata' moduan ezagutzen dena. Eskuak irudira gehitzea lo zegoela otu zitzaion ideia da: "Autobusean unibertsitatera bidean lo nindoala, itzartu eta ideia hori okurritu zitzaidan. Nire klaseko ikaskideei esan eta ideia ona iruditu zitzaien. Ideia berezia dela eta irudiari ondo etorri zaiola uste dut". Arrautza bat ere agertzen da irudian: “Arrautzak berez ez du zentzurik irudian, baina jaietan ere zentzu askorik ez duten gauzak gertatzen dira eta hori islatzeko sinbolismo bat da”.

Aurtengo kartelagaz "oso pozik" daudela eta "kartel bikaina" dela adierazi du Andoni Agirrebeita alkateak kartela aurkezteko prentsaurrekoan. Kartela herritarren bozketa bidez aukeratu dute. Lehenengo jai batzordeak sei artista aukeratu eta nork bere kartela lantzera gonbidatu zituen. Ondoren, herritarrek gustukoen duten proposamena bozkatzeko aukera izan dute. Guztira, 781 herritarrek bozkatu dute eta Do Nascimentoren lanak 201 boto jaso ditu. 1.000 euroko saria irabazi du zornotzar gazteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!