Domeka eguerdian Sukarrietako etxebizitza batean egindako lapurreta baten salaketa jaso zuen Ertzaintzak. Etxe horretako bitxiteria lapurtu zuten: pultserak, eraztunak… Leiho bat bortxatuta sartu ziren lapurrak etxera. Gernikako ertzain etxeak Sukarrietan bizi zen pertsona batengan jarri zituen bere susmoak; pertsona horrek hartueman laboralak izanak zituen biktimagaz. Gainera, pertsona horrek egun horretan bertan Errumaniara itzultzeko asmoa zuela jakin zuten eta, ondorioz, zainketa dispositiboa martxan jarri zuten.
Egun berean pertsona horrek beste lagun birekin batera autobusa hartu zuen maletak eta poltsak aldean zeramatzala. Ibilbidearen erdian, Zornotzako Boroa auzoan, hirurak autobusetik jaitsi eta A-8 autopistako zerbitzugune batera joan ziren oinez. Ondoren, hiru lagunetako bat etorri ziren bidetik itzuli eta belardi txiki batean zegoen poltsatxo bat jaso zuen. Hori ikusita ertzainek geldiarazi egin zuten. Poltsaren barruan bitxiak aurkitu zituzten. Autobusetik jaistean poltsa bertan utzi zutela onartu zuen atxilotuak. Poltsako bitxietako batzuk Sukarrietan lapurtutakoak zirela baieztatzean, hiru lagunak atxilotu zituzten. 22 eta 23 urteko gizonezkoak eta 21 urteko emakumezkoa dira atxilotuak.
Ikerketak aurrera darrai poltsan aurkitutako beste bitxi batzuen jatorria ezagutzeko.