Udalak Ondasun Higiezinen Zerga egokitu du Aldundiaren arau berriak herritarrei eragingo dien karga arintzeko

Anboto 2016ko eka. 1a, 08:00

Atzoko udalbatzarrean EAJ, EHBildu eta eta PSE aldeko botoa ematen.

40 urtean lehenengoz Aldundiak ondasun higiezinen balio katastrala eguneratu du Bizkaiko herri denetan. Balio berriak, oro har, handiagoak izango dira. Horrek, besteak beste, OHZan eragiten du. Horren aurrean, udalak bere esku dauden karga-tasak egokitu ditu zerga horren bidez biltzen duen diru-kopurua dagoenean mantentzeko.

Zornotzako Udalak 2017ra begirako zergak eta tasak onartu zituen atzo. Ondasun Higiezinen Zerga da (OHZ) horietako bat. Aurten inoiz baino buruhauste gehiago eragin dizkie zerga horrek. Bizkaiko Foru Aldundia ondasun higiezinen balio katastrala eguneratzen dabil —arlo horretako eskumena du— 40 urtean lehenengoz. Horrek Bizkaiko herri denetako ondasun higiezin denei eragiten die. Balio berriak, oro har, aurrekoak baino handiagoak izango dira eta horrek OHZan eragiten du. “Herritarrek ez dute zertan jasan  40 urtean balioak berrikusi ez izana”, uste du Iker Basagoiti Ogasun Batzordeko eta Kontuen Batzorde Bereziko presidenteak (EAJ), eta horregatik, karga hori arindu guran, udalak OHZa egokitu du.

Balio katastral berriak Aldundiak ezartzen ditu, baina udalek koefiziente batekin jokatu dezakete, beti ere urkila baten barruan. Koefiziente hori moldatuta, udalak OHZgaz 2017an bilduko duen diru-kopuru osoa mantendu egingo du, hau da, ez du gehiago batuko.

OHZren zerga arautzen duen ordenantza fiskala maiatzean onartzeak —ohi baino lau bat hile lehenago— bere arrazoia du: Aldundiek jabeei beren etxebizitzaren balioa notifikatzen dietenean, gutun berean, 2017an ordaindu beharreko kuota berria ere jakinaraziko diete: “Herritarrek jasoko duten informazioaren ikuspuntutik aldaketa handia da efektu erreala ikusteko”.

Zerga hori jasotzen duen ordenantzaren egokitzapenak adostasun zabala jaso zuen atzoko udalbatzarrean: EAJ, EHBildu eta PSE-k alde bozkatu zuten eta HiriEkimena abstenitu egin zen: “Hain akordio zabala lortzeak islatzen du oposizioko alderdiek zein gobernu taldeak adosteko izan duten konpromisoa”, Andoni Agirrebeitia alkatearen ustez.

EHBildu eta HiriEkimenaren arrazoiak

Urko Lopezek (EHBildu) proposamenari baiezkoa bozkatzeko hiru arrazoi eman zituen. Batetik “gure ideologiarekin bat doa”. EHBilduren eredua “ez da ondare pribatua sustatzea, baina bai norbaitek ondare hori badu, ordaintzea”. Edozelan ere, gure eredua “alokairua da eta ahal den neurrian alokairu soziala”, argitu zuen. Bestetik, “orain balore handia duenak gehiago ordaindu beharko du, logikoa den moduan”. “Orain arte ez zen hori gertatzen”, jarraitu zuen: “Eraikin batzuekin egoera apur bat surrealistak gertatzen ziren”. Azkenik, lehen aldiz aplikatuko den proposamena denez “ez dakigu zer eragin izango duen”. Bide horretatik, “zuhurtasunez jokatu behar dugu eta eraginak aztertu, ondoren erabakiak hartu behar badira, hartzeko”.  Esaterako, behar gehienak dituztenen artean zer eragin izango duen aztertzeko eskatu zuen.

HiriEkimena abstenitu egin zen: “Familien diru sarreren araberako tarteak legean ezarri zitezen nahi genuen”, azaldu zuen Alba Gutierrezek: “Gure ustez arau berriak udalaren gaitasuna mugatzen du”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!