Mª Tere Larruzea: "Gazteek hemen zelakoak gertatu ziren jakin dezaten balio dezakete horrelako ekitaldiek"

Anboto 2016ko mai. 24a, 09:00
Karmele eta Mª Tere Larruzea eta Mª Angeles Barrena

Frankismoaren biktimek instituzioen errekonozimendua jaso dute Donostian. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldin izan ziren Pedro Uriguen gudari zornotzarraren senitartekoak ere. Maiatzean osabaren gorpuzkiak jaso dituzte Mendatan Uriguenen lobek (Karmele Larruzeak, Mª Tere Larruzeak eta Mª Angeles Barrenak. Beraiekin egin dugu hitzordua.

Nola bizi zenuten omenaldia?
MªTere Larruzea: Pozik, baina, emozionatuta, etxetik atera gintuzten uneak gogoratu nituen eta. Milizianoak etorri, eta trintxerak eta alanbre-hesiak jarri zituzten etxe inguruan. Frontea zetorrela, hantxe jarriko zela esan zuten, eta etxetik irteteko.

Nora eraman zintuzteten?
Karmele Larruzea: Bilbora eraman gintuzten loba denak, gure amak eta izebak, kamioneta zahar batean. Lau urte bete barik nituen; Bilbon bonba batek hil egin ninduen ia. Galdakaon ere izan ginen ogia hartu guran.  
M.T.L: Etxea baino beheratxoago zegoen lurpeko babeslekuaren inguruan lehengusuok jolasean genbiltzala gertatu zena ere gogoan dut. Gernikako hegazkinak ikusi eta entzuten genituen etxetik, baina, orduan, bonba su-eragileak bota zituzten etxe alboan. Korrika joan ginen babeslekura eta mantarretan, lepoan neraman lehengusu txikia bota egin nuen. Balkoitik ikusi gintuzten amak eta izebak, eta korrika etorri ziren.
MªAngeles Barrena: Artean ezkongai zegoen ama. Hiru ahizpa eta lau neba ­—hiru fraideak— ziren.

Frankismoaren biktimei zor zitzaien aitortza izan da?
K.L: Zorra kitatuta dago. Lehendakaria etorri zen, eta frankismoaren biktima denei egindako errekonozimendua zela esan zigun. Hainbat tokitakoak egon ginen. Alboko batzuk oso hunkituta zeuden: senitartekoa non dagoen lurperatuta jakin arren, ezin izan dutelako atera.
M.A.B.: Guk lortu dugu gure nahia. Lasaitasuna eta halako ohorea lortu ditugu. 2003an hasi ginen osabaren gorpuzkiak jasotzeko lanean, eta 2015era arte ez dugu lortu. Urteak behar izan dira. Ama ere hil zen aurretik. Hala ere, amaren nahia izan da beti osabaren gorpuzkiak ekartzea, eta hori bete da. Larra hilerrian daude, bere alboan.  

Horrelako ekitaldiek zauriak sendatzen laguntzen dute?
M.T.L.: Baliteke. Izebak beragaz gura zituen nebaren gorpuzkiak, eta desio hori bete du. Lasai egoteak ere bere balioa du.  Hala ere, ezin daiteke ahaztu.
K .L.: Barkatu, bai, baina ahaztu, ez. Hori ikasi dugu ‘Aita gurian’ ere bai. Baina, ni pozik nago.
M.A.B.: Min hori ezin da kendu.

Hil honetan jaso dituzue osabaren gorpuzkiak, Mendatan. Nolakoa izan zen une hori?
K.L: Oso hunkigarria. Gorpuzkiak eta harekin aurkitutako hainbat gauza jaso genituen: koilara eta sardexka bana, gerrikoaren belarria, eta kartutxo bi ere bai, bala eta guzti. Harekin balekin zer egingo zuten, ba! Armamenturik ere ez zuten-eta inori aurre egiteko. MªAngelesek eta MªTerek hartu zituzten; beraiei zegokien hartzea.

Gorpuzkiak jasoko zenituztela pentsatu zenuten inoiz? Nola bizi zenuten gertatutakoa?
M.A.B.: Ez. Bagenekien non zegoen, arti baten azpian. Urteetan joan gara hara, eta 75. urteurrenean gurutze bat ipini dugu.
K.L: Inondik inora. Aitak eta amak beldur handia zutela uste dut, eta ezer gutxi esan ziguten. Gero, osaba Mendatan zegoela hasi ziren esaten, eta txikitan hara joaten hasi nintzen neu ere. Aititari pena handia sortzen zion haretaz berba egiteak.
M.T.L.: Ez zen berba askorik egiten etxean. Aitita eta amamagaz bizitakoak ditut gogoan. Aitita semeagatik galdezka ibili zen.

Jakin duzue non zegoen osaba. Baina, lurpetik atera eta probak egin ondoren izan duzue baieztapena, urrian. Zer sentitu zenuten?
M.A.B.: Jakin arren han zegoela, poza sentitu genuen.
K.L.: Lasaitasuna eta poza. Seguru ginen,baina baieztatu beharra zegoen. Garezurra garbitu zioten lehenengo, zuloak zituela ikusi genuen. Buruan egin zioten tiro. Frankistak heldu, eta zaurituta topatzerakoan “Dinos viva España” esan zioten, eta osaba isilik gelditu zen. Bigarrenez esan ziotenean ere bai. Hirugarrenez esan ziotenean, “Gora Euskadi askatuta!” erantzun zien. Tiro egin zioten.

Mendatako baserri baten alboan zegoen osaba.
K.L.: Bai. Otxandio batailoian Oizetik ihesi etorri ziren. Goitik bonbak jaurti, eta harrapatu egin zituzten. Osaba zaurituta gelditu zen. Ondoan zegoen baserri batekoek dena ikusi zuten, beldurtuta. Gauean lurperatu zuten osaba. Baina, aurretik, dokumentazioa eta erlojua kendu zizkioten. Larrako komentura eraman zituzten, ezagutzen ote zuten galdetzera. Baietz esan zieten, hiru anaia fraide zituela, eta leku onera joan zirela galdetzera. Hala jakin genuen dena.

Gorpuzkiak ez eze, duintasuna ere berreskuratu duzue?
M.A.B.: Bai. Irrintzi Batailoian ibili zen gure aita, eta bizitakoak kontatzen zituen: nola egon zen preso, edo Santoñan bizitakoak. Saibigaineko borroka ere ekartzen zuen askotan gogora. Odol asko isuri zela zioen. Sarri hiltzea baino txarragoa zela esaten zuen, eta gauza oso tristeak bizi zituela. Pedro osabagaz ere ibili zen. Kontatu izan digu Intxortan egon zirela batera, eta hantxe banatu zirela. Ez zuen gehiago ikusi. Osabaren gorpuzkiak jasota bera ere geureganatu dugu.

Belaunaldi berriek ez dute memoria historiko hori?
M.T.L.: Gazteei ez diegu irakatsi. Dena den, gazteek hemen zer gertatu zen jakin dezaten balio dezakete horrelako ekitaldiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!