Gerra Zibilean hildakoak gogoratzeko ekitaldia, bihar

Anboto 2016ko mai. 20a, 12:30

Pasadan urtean egin zuten erakusketa

1937ko maiatzaren 18an tropa frankistak Zornotzan sartu ziren. Aurreko egunetan —maiatzaren14an eta 16an, zehazki— bonba su-eragileekin bonbardatu zuten herria, suteak eraginez. Data hori eta Gerra Zibilean hildakoak gogoratzeko, ekitaldia egingo dute zapatuan, 12:00etan, Zelaieta parkean, 2010ean jarritako oroimen plakaren inguruan.

Zornoza elkarteak, udalaren laguntzagaz, urtero antolatzen duen ekitaldia da. Lander Intxaustik aurkeztuko duen aurtengo aldiak hainbat osagai izango ditu. Musika da horietako bat: Alaiak eta Zornoza taldeetako koruek abesti bana kantatuko dute, eta Josune Barrueta akordeoilariak ere beste kantu bi eskainiko ditu.

Biharko ekitaldian zehar, Gerra Zibileko gudari batek lore eskaintza egingo du, eta Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak ere berba batzuk esango ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!