Tokiko Agenda 21 programan antolatutako ekintzen barruan, Zornotzako ikastetxeetako 50 ikaslek baino gehiagok mugikortasun arduratsuari buruzko jardunaldi batean parte hartu zuten aurreko astean. Urritxe Institutu, Larrea LHI, El Carmelo Ikastetxe, Karmengo Ama Ikastetxe, Andra Mari Ikastola eta Lauaxeta Ikastolako ikasleak batu ziren.
Jardunaldi horiek helburu nagusi bi zituzten: Eskolako Agenda 21 programaren barruan aukeratutako gaiari buruz gogoeta egitea eta, ikasleen eta udal arduradunen artean hartueman bide bat sortzea.
Amaia Lizaso zornotzarraren hitzaldi bat ere izan zuten. Honek ingurumena ondo ezagutzen du eta hainbat tresna eman zizkien pertsonen mugitzeko erak inguruan uzten duen arrastoa ulertzeko. Beraien ohiturak aldatu eta, denen artean, bizikleta garraiobide bezala erabiltzen duen herri berdeago bat eraikitzera animatu zituen.
Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotzia eta udaleko beste teknikari batzuk ere izan ziren jardunaldian. Gandiagak Udalak mota honetako mugikortasuna sustatzeko martxan jarritako hainbat neurri azaldu zituen.
Ikasleak berriro maiatzaren 26an bilduko dira ikasturte osoan zehar egindako lana partekatzeko eta aurkeztuko dituzten konpromiso eta proposamenak adosteko.