Abes Kimu eta Coral Zornotza abesbatzek San Filippo sindromea ezagutarazi, eta gaixotasun arraroen kontzientziazioan sakondu gura dute. Bide horretan, Zornotzako hainbat ikastetxeren laguntzagaz, kanpaina bat garatu dute ikasleen artean: gaztetxoek gaixotasun arraroen errealitateak ezagutu, eta horrek eragindako gogoetak marrazkietan islatu dituzte. Irudiekin osatutako erakusketa El Carmelo eta Larrea ikastetxeetan egon da ikusgai, asteon. Hilaren 8tik 14ra Andra Mari ikastolan egongo da; 15etik 21era Lauaxetan, eta 22tik 28ra Karmengo Ama ikastetxean.
Kontzertu benefikoa
Zornotzako San Filippo elkarteari zein gaixotasun horri buruz Gurutzetan egiten ari diren ikerketari laguntzeko, kontzertu benefiko bat antolatzen ere badabiltza. Uztailaren 25ean izango da. Askotariko artistekin hartuemanetan dabiltza dagoeneko. Bertaratzen direnen artean, zozketak egingo dituzte: Athleticeko jokalariek sinatutako baloia, Xabi Etxeita jokalariaren kamiseta… Fito Cabralesek ere zerbait emango die.