Asteburuko “ekintza bandalikoak” salatzeko adierazpen instituzionala adostu dute Zornotzan

Anboto 2016ko api. 11a, 11:02

Asteburuan BBK-ko sukurtsal biren eta Movistarren instalazio baten aurkako erasoak gertatu dira Zornotzan eta horiek salatzeko adierazpen instituzionala adostu dute EAJ, Hiri Ekimena eta PSE-EE udal taldeek. EH Bilduk ere "tolerantzia eta ideiekiko errespetua" eskatu ditu.

Bilbao Bizkaia Kutxak (Kutxabank) San Pedro kalean ditu erretako sukurtsal biak eta movistarrek Ixerbekoan du bere denda. Adierazpena babesten duten hiru udal taldeen ustez, “gaur egun ere bada itxura batean politikoak diren helburuak lortzeko bide gisa indarkeria erabiltzeari eusten diotenak”.

Horrela jarrerak “gaitzetsi” egiten dituzte: “Sasoi batez nolabaiteko lasaitasunean bizi izan ondoren, atzera agertu da indarkeria gure herrian eta nahi genuke, euren segurtasunaren eta ongizatearen kontra doazelako, herrikideei izua eragiten dieten honelako ekintzarik beste inoiz salatu beharrik ez izatea”, jasotzen du idatziak.

Modu horretako “ekintza bandalikoek hautsi egiten dituzte bizikidetzaren abiapuntu diren tolerantzia eta besteen ideienganako begirunea, eta bakean bizi nahi duen gizarteak uneoro babestu beharko lituzke printzipio horiek”. Azkenik,  bakerako deia egiten dute: “Erasoon helburua zein den ez badakigu ere, dei egiten diegu hiritarrei aldarrikapen guztiak, direnak direla ere, bakea eta demokrazia bitarteko egin ditzaten.”

EH Bilduk ere kalteak "errefusatzen" ditu

Zornotzako EH Bilduk udal taldeak ere larunbatean gertatutako Kutxabank eta Movistarren ondare pribatuaren kalteak "errefusatzen" ditu: "Bizikidetza tolerantzia eta ideiekiko errespetuan oinarritu behar da, honelako ekintzek kaltetzen dituzten oinarrizko bi zutabe, eta bakean bizi nahi duen gizarte batek babestu beharko lituzkeenak". Horrela, "aldarrikapen guztiak errespetuz eta modu baketsu eta demokratikoan egin daitezen" dei egiten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!