Gizarte ekimenetik sortutakoa da Iraunkor. Tokiko ekoizpena eta kontsumoa bultzatzea dute helburu, eskariaren araberako kontsumo eredua lortzea. Horretarako, sentsibilizazioa ezinbesteko lan esparrua dela uste dute. Elkarteko kide da Urtza Alkorta zornotzarra; ‘Oinak lurrean’ liburuaren egileetariko bat ere bai
Gizarte ekimenetik jaio da Iraunkor.
Bai, Etxanoko Andra Mari Berri auzo elkartean sortutako gogoetatik. Iraunkortasun edo jasangarritasunaren alorrean lan egiteko gogoa zuten elkartean. Ni neu ere bazkide naiz, eta iraunkortasunean hezteko eta gure udalerriak horregaz lotuta nolako potentziala daukan aztertzeko proiektu polita izan zitekeela pentsatu genuen: Zornotzak 58 kilometro karratu ditu, eta 18.000 biztanle. Posible zela pentsatu nuen. Izan ere, komunitate bat iraunkorra izango da, behar dituen baliabideak eskura baditu. Bartzelonan landu dugu proiektua lan-talde batek.
Udalaren babesa ere izan duzue, ezta?
Bai. Babes osoa izan dugu. Auzo elkarte batean sortutakoa udalerri osora zabaldu da. Proiektu horren emaitza izan dira Iraunkor elkartea eta liburua ere bai. Herritar guztiei zabaldutako parte-hartze prozesua abiatu genuen, eta iraunkortasuna landu genuen. Horretan parte hartu zuten herritarrekin sortu da Iraunkor.
Eta, zein da helburua?
Tokiko ekoizpena eta kontsumoa handitzea. Egungo gizartean ezingo ginateke tokiko baliabideekin asetu, baina, baliabide horiek gehitzea lortu genezake. Ditugun baliabideei ez diegu behar besteko etekina ateratzen. Era abstraktuan, ura, elikagaiak, energia eta komunitatea aztertu ditugu, eta kanpoan ekoiztutako material askoren menpekoak garela ikusi dugu, gure lurraldeak horiek guztiak sortzeko baliabideak izan arren.
Zornotzak baliabide handiak ditu biomasa eta hidroelektrikarako, ezta?
Biomasari dagokionez, baso dezente daude, eta, ondo kudeatuta, nahiko produzitu daitekeela uste dugu. Sortu daitekeen energia hidroelektrikoa, berriz, ez da horren handia. Baina, erreka handia dugu, eta sortu daiteke auzo batek behar duen energiaren zati bat asetzeko beste. Ditugun baliabideak erabiltzea, gehitzen joatea da helburua. Beti ere, hirigintza planeamendu kudeatu bat tarteko dela (ingurumenaren erabilera egokia, paisaia... bermatuz).
Tokiko ekonomia zirkular eta iraunkor baterako kide gehiago behar duzue?
Iraunkorren 17 bazkide gara; bederatzi elikagai ekoizleak. Hori ez da ezer 18.000 biztanle asetzeko. Eta, udalerrian sortutako energiaren %1 baino ez da berriztagarria. Sistema guztiak funtziona dezan lan egin behar dugu, eta sentsibilizazioan eragin behar dugu ekonomia zirkularra sustatzeko. Energia, elikagaiak eta kontsumitzaileak ditugu lan ildo.
Sentsibilizazioa landuz, ekoizle kopurua gehituko da?
Bai. Gazteak hezi behar dira lehenengo; ekoizle berriak sortzeko, behetik hasi beharra dago. Neurri handian, heziketagaz lotuta dagoen hutsune bat dagoela uste dugu. Gainera, sistema bat sortzea behar da. Derioko erdi mailako heziketa zentroagaz lan egitea ere pentsatu dugu.
Kontsumo eredu berri bat sortu gura duzue?
Tokiko produkzioa eta hurbileko kontsumoa handitu gura ditugu, eta eskariaren araberako kontsumo eredua sustatu.Lurjabe eta ekoizleen arteko bitartekaritza lan bat behar dela uste duzue?
Bai. Lurjabeekin askotariko akordioak lortu daitezkeela uste dugu. Lurrei etekina ateratzeko aukerak ikusten ditugu, era orektuan, beti ere, eta lurralde planeamendu bati lotuta. Lurren kokapena eta horien ezaugarriak aztertzea ezinbestekoa da —malda handiko lurrak arbolak jartzeko edo abeltzantzara bideratu daitezke, eta bailarak nekazaritzarako erabili—. Eredu organikoa da hori.
Zeri deitzen diozu eredu organikoa?
Industrializazioaren aurretik erabiltzen ziren estrategia pasiboak apur bat berraktibatzea behar dela uste dugu, eta lurrak, euren ezaugarrien arabera, gauza baterako edo besterako bideratzea.
Gazteek badute lurrik lantzeko?
Eskaria nahiko handia da, eta lurrik ez dagoela dirudi. Horren aurrean lurjabeekin lan egitea pentsatu dugu: inkesta bat lantzea, lurrekin zerbait egiteko prest legokeen zenbat jabe dagoen jakiteko.
Galdutako gizarte eredu bat berreskuratu gura duzue?
Tarteko zerbait lortzea litzateke helburua. Funtzionatzen zuten garai bateko ereduak berreskuratzea eta gaur egungo teknologien abantailak integratzea da kontua. Eredu iraunkor bat sortzea.
Hori planteatzen duzue ‘Oinak lurrean’ liburuan?
Material fluxuen —ura, energia, elikagaiak eta komunitatea— bilakaera aztertu dugu, eredu organikotik gaur egunera. Eredu organikoan fluxu hori guztiz zirkularra zen, orekatua; hondakinak baliabide bihurtzen dira organikoak direlako. Gaur egun, berriz, lineala da. Material mineralak eta horien aldaerak erabiltzen dira, eta ingurumenak ez ditu hondakin horiek guztiz xurgatzen. Urte asko behar dira eredu linealean sortutako material piloa baliabide bilakatzeko. Liburuan, eredu lineal horretatik eredu zirkular batera nola jo aztertu dugu, eta, eredu organikoetako estrategia pasiboak berreskuratzea planteatu.
Epe laburrera ze urrats emango duzue?
Heziketa eta ezagutza tailerrak egin gura ditugu, eta biomasa eta hidroelektrika zentral txikiak bultzatu. Lur bankuak sortu gura ditugu, eta ekoiztutakoa kontsumitzeko komunitatearen gaitasuna ikertu ere bai. Hondakinen kudeaketa lantzeaz gain, konpromiso soziala duten kontsumitzaileak tokiko ekoizpenen kontsumitzaile bilakatu gura genituzke.