La Otra Mirada elkarte humanitarioak eskola materiala batzeko kanpaina abiatu du. Iaz kanpaina berdinagaz Senegal iparraldeko ikastetxe bati lagundu zioten; aurten Senegal hegoaldeko eskola batera bidaliko dute batutako guztia. Erabili gabeko eskola materiala zein erabilitakoa, bietakoak, jasoko dituzte.
Eskola materiala batzeko kanpainak apiril amaierara arte iraungo du. Durangaldeko hainbat ikastetxe eta liburu dendetara gutunak bidali dituzte, ekimenean parte hartzeko gonbita eginez eta materiala biltzeko guneak bertan jarri ditzaten eskatuz. Erantzunak eta atxikimenduak jaso ahala, La Otra Miradaren facebook orrian jakinaraziko dituzte.
La Otra Miradak batez ere Mongolian zentratu izan ditu bere ekimenak, baina iaztik Senegaleko ikastetxe batzuetako egoera hobetzeko lanean ere badabiltza. Izan ere, bazkide bat senegaldarra da eta hango beharrizanak azaldu zizkien. La Otra Miradako kideak Senegalen bertan ere izan dira hango egoera bertatik bertara ezagutzeko. Horrela, aurten Senegal hegoaldean dagoen herrixka bateko eskolarako materiala batu eta bidaltzeaz gainera, “argindarra izan dezaten eguzki-panelak jartzeko ahaleginetan ere ari gara”, La Otra Miradako Elena Ariznabarretaren esanetan. Izan ere, herrixka horretan ez dute argindarrik, ezta iparraldeko Sare Birou-en ere.
Senegal bertako herritarrek ume denak eskolaratzeko egiten dituzten ahaleginak ere azpimarratu ditu: “Senegalgo Senny Sabaly Fundazioak, batez ere, neskak eskolaratzen laguntzen lan egiten du. Baliabide gutxi dituzten familietan neskak etxean geratu ohi dira, eskolara joan gabe”. Emakumeen genitalen mutilazioaren kontra ere lan egiten dute fundazio horrek.