Habeas Corpus eta Zesuma-ren zuzenekoak, zapatuan, Gazte Egunean

Anboto 2016ko mar. 9a, 11:00

Zornotzako Gazte Eguneko irudia

Gazte Egunak laugarren aldia egingo du, zapatuan. Aurten ere, egun osora begirako egitaraua prestatu dute.

12:00etan umeentzako tailerrak (eskulanak, aurpegi margoketa…) egingo dituzte, Parke Gorrian —Zubiondo plazan—. Ostean, 13:00etan, Zornotzako zanpantzarrek lagunduta, kalejiran irtengo dira gazteak. 15:00etan urteroko bazkaria egingo dute. Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna gaurkoa izango da, eta Urtza eta Saltxa tabernetan daude salgai. Gazte Eguneko bazkarian, normalean, 200-300 lagun artean batzen dira. Iaz ez ziren kopuru horretara heldu, eguraldi txarra zela eta. Aurten ez dago euririk irragarrita, eta ohiko kopuruetan ibiliko dira. Bazkalostea Eneko Larruzea ‘Larru’ musikari zornotzarrak girotuko du.

18:00etan, Luis Urrengoetxea kaleko tabernetatik ibiliko dira Elektrotxarangak lagunduta eta, ostean, Gazte Eguna musikagaz agurtuko dute: Habeas Corpus eta Zesuma taldeak zuzenean arituko dira, Zubiondon.

Aurrelan nekagarria
Zornotzako Gazteak bilguneko lantalde txiki bat arduratzen da antolaketaz. Talde txikia da, ez horrela nahi dutelako, “gazteak ez direlako antolaketara animatzen”, dio Enara Lauzirikak. Azken aldietan errepikatu izan den egoera da: “Saiatzen gara jendea animatzen, eta hasieran baietz ematen du, baina egoera apur bat hozten denean… agur emandako pausoei”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!