Amatasuna eta kirola. Kirolari-bizitza ama izan aurretik, eta ostean. Ana Casares (Iruñea, Nafarroa, 1971) triatletak Mama Triatleta liburua idatzi zuen 2012an, bere hirugarren haurdunaldian zegoela, eta gai horietan sakondu zuen bere bizipen pertsonaletatik abiatuta. Harrezkero, bere esperientzia hainbat hitzaldi, kongresu eta ikastetxetan partekatu du: “Jendea islatuta sentitu daiteke nire bizipenekin, eta, beharbada, egoera batzuk gainditzen lagundu diezaieke”, dio. Hurrengo geltokia Zornotzan izango du, martxoaren 10ean, 19:30ean. ‘Amatasuna eta kirola’ izango ditu berbagai Koraleko egoitzan.
Barruan sentitzen zuena kontatzeko beharrak eraman zuen liburua idaztera: “Kirolari, emakume, emakume langile eta ama lez bizitako guztia transmititzeko beharra sentitzen nuen. Umetatik azken haurdunaldira arteko autobiografia da”, gogoratu du. Liburu horretan jasotzen diren eta bere bizitzan garrantzitsuak izan diren bost-sei bizipen elkarbanatuko ditu Casaresek, eta horren inguruko solasaldia sortzea gustatuko litzaioke, denei, berari barne, ikasgaiak ateratzeko balio liezaiekeena: “Kirolaren gainean jardungo dut, eta nire bizitza zelan garatu zen kirolagaz lotuta. Amatasuna, seme-alabak, eta zelan lortu nituen sekula imajinatuko ez nituen lorpenak, ama izan ostean”.
Izan ere, Casares goi mailako triatleta da, eta ama izan ostean lortu ditu lorpenik handienak: Espainiako Maratoi txapelketa, esaterako: “Neu nintzen, ama izan ostean, aurreko mailara itzuliko ez nintzela pentsatzen zuen aurrenekoa, eta normala izan daiteke hori pentsatzea”. Kirola terapia moduan erabili zuen lehen haurdunaldiaren ostean. Lan-kaleratze batek “hondoratuta” utzi zuen. Kirola sendagai moduan erabili, eta emaitzak heldu zitzaizkion apurka: “Neu izan nintzen lehenengo harritua”, dio. “Horrek erakusten du, motibazioari eusten bazaio eta egiten duzuna gustuko baduzu, nahi dena lortu daitekeela. Hori erakusten duten hainbat adibide aurki genitzake”. Ikuspegi positiboa eman du: “Kirolean zein bizitzan, beldurrak gainditu eta helburuak markatu behar direla uste dut, jakinda erori egingo garena batzuetan, baina normala da, eta aurrera egin beharra dago”.
Bide horretan, bikotekideak eta inguruko jendeak duen garrantzia ere azpimarratu du triatleta nafarrak, “zereginak elkarbanatzerako orduan zein emozionalki ulertua sentitzerako orduan”.