Zornotzako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Nagusi Aretoaren bidez, 'Amama esklabu' izeneko hitzaldia antolatu du martxoaren 16ko eguaztenean, 18:00etan. Sarrera doakoa da. Hitzaldiak informazioa eman nahi du gaur egun amamek familiaren barruan iloben zaintzan duten paperaren inguruan. Gehienetan, etxekoak maitasun handiz, eskuzabaltasunez eta pazientziaz zaintzen dituzte, baina zaintza lan hauetan gainkarga fisikoa zein emozionala senti dezakete, gehiago edo gutxiago.
Horregatik, bertaratuei 'amama esklabu sindromea'-ren berri eman nahi zaie, azaldu maila fisikoan zein emozionalean nola eragiten duen, egoera hauek beraienak balira bezala hartu behar hori zergatik sentitzen duten eta nola emakumezkoak diren sindrome hau sufritzen dutenak eta ez gizonezkoak.
Informazio gehiago gura duenak Nagusi Aretora jo dezake astelehenetik barikura, 16:00etatik 20:00etara, edo ondoko telefonora deitu: 94 694 11 29.