Osasun Zentro berria dela-eta, bere inguruko kaleetan egiten ari diren hobekuntza lanen barruan, San Juan eta San Miguel kaleen asfaltatze lanak hasiko dituzte bihar. Horretarako, eten egingo da trafikoa, gauez, bihar hasi eta martxoaren 18ra bitartean. Egunez ere, neurri txikiagoan baina, etendurak izango dira Gregorio Mendibil, San Juan eta San Miguel kaleetan, aldez aurretik egin beharrekoa den fresatze lana burutze aldera. Txandaka pasatzeko, bertan ezartzen diren seinaleei eta eskaintzen diren adierazpenei arreta ematea gomendatu dute.
Autobusak ohi bezala ibiliko dira. Gaueko asfaltatze lanek dirauten bitartean, 22:30etik goizeko 06:30era etengo da trafikoa. Ordu tarte horretan ez dago lineako autobusen zerbitzurik.
Kaleetako asfaltatze lan hauek San Juan kalearen berrikuntza obraren jarraipena dira, Gregorio Mendibil kalearekiko lotunean hasi eta San Migel kaleko biribilguneraino, eta tarte hori Betarragane aldean jadanik burututa dagoenarekin berdintzea eta itxura berbera izatea da xedea.
Ibilgailuen sarbideko erreietako bat kentzea izango da San Migel kalean gauzatuko den aldaketarik esanguratsuena. Horrela, errei bi izango ditu, bata sartzeko eta bestea irteteko, eta horri esker lortzen den gainazala oinezkoen pasealeku izango da, kalearen ezkerraldean 9,5 metro zabalera izango baitu espaloiak.
Biribilgunearen hego-ekialdean, gainera, lorategi-gunea sortuko dute eta 10 zuhaitz landatuko dituzte. Aipatzekoa da, bestalde, hiri ekipamenduari dagokionez, etxeko hondarren hautazko bilketa egiteko ezarriko den lurpeko edukiontzien irla.