Asteperen ‘langile-herrixka’ izaera hilezkortuko duen elementuaren bila

Anboto 2016ko ots. 29a, 19:08

Astepeko etxeak eraitsi aurretik, gune hark XIX.mendean izan zuen balioa gordeko duen elementua aukeratu behar du udalak.

Eusko Jaurlaritzak ondare kulturalaren inbentarioan jasotzeko proposamenen artean dago Astepe. Izan ere, Euskal Herriko beste hainbat guneren antzera, Astepe ‘langile–herrixka’ izan zen XIX. mendean. Sasoi batean han zeuden ermita zein bestelako ondarerik baliotsuenak desagertuta daude gaur egun. Horregatik  udalak ez du termitek kaltetutako etxebizitzak eraisteko trabarik, baina Jaurlaritzak Asteperen iraganeko balio hori etorkizunean gogoratuko duen elementuren bat gordetzera behartzen du udala. Elementu horren aukeraketa udalaren esku uzten du. Izan daiteke sinbolikoa den zerbait (etxe bateko horma zati bat) edo gune hura gogoratzen duen plaka bat… Oraindik zer egin erabaki barik dutela adierazi du Anartz Gandiaga zinegotziak eta gaia Hirigintza Batzordean aztertuko dutela.

Zer egin erabakitzerako orduan Astepeko bizilagunei kontsulta egin beharko litzaiekeela uste du EH Bilduk. Horrelaxe adierazi zuen Ander Uriarte zinegotziak joan zen asteko udalbatzarrean.

Bitartean termitek kaltetutako etxeak eraisteko eta gune hartan azpiegitura berriak egiteko asmoak aurrera darrai apurka-apurka. Joan zen barikuko udalbatzarrean arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartu zuten: eraikin horiek dauden zorua bizitegi-gune izatetik zoru publikoa izatera aldatu zuten. Joan zen urteko azaroan behin behinean onartu zuten aldaketa eta orain  behin betiko onarpena eman diote.

Orain, desjabetze espedientea aurrera eraman behar dute eta, ondoren, eraisketa proiektua egin. Pausu hauek udan amaitzea itxaroten dutela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!