"Pertsona arimak egiten du, eta zuk nahi bezala bizi behar duzu"

Anboto 2016ko ots. 26a, 09:00

Prozesu zail bat garatzeak ematen duen sakontasunagaz berba egiten dute Iraide Leginak (1989, Zornotza) eta Izaro Antxiak (1981, Portugalete), baina, aldi berean, ilusioz eta umorez ere bai. Asko dute esateko eta erakusteko. Mutilen gorpuzkeragaz jaio ziren, baina txikitatik hasi ziren bestelakoa igartzen; neska sentitzen ziren. Pertsona transexualak dira gizartearen begietara. Duela zazpi bat urte hasi zen Iraideren etapa berria, eta duela hile gutxi Izarorena. Euren bizipenak eta areto-futbolarekiko afizioak elkartu ditu Zornotzako Betigol taldean.

Betigol taldean jokatzeak zer suposatzen du zuentzat? Zer ematen dizue?
Iraide: Nik inoiz ez dut futbolean jokatu. Afizio lez, umeei irakatsi izan diet, eta orain talde baten egotea itzela da. Partidu guztietara eta Ligara ere joan gura dut! Zelaitik irten ere ez, kasik [barrez]. Kristoren ilusioa ematen dit.
Izaro: Urte asko daramat areto-futbolean jokatzen. Portugaleteko talde baten koordinatzailea naiz; beste eginkizun batzuk dauzkat han, eta jokatzea ez da garrantzitsuena. Iaz mutilen taldeko jokalaria nintzen, eta aurten euren entrenatzailea naiz. Jokatzea soilik ere nahi nuen, eta hemen egin dezaket hori. Taldeko beste bat naizela sentitu gura dut, arazorik eduki barik.

Betigol talde tolerante lez aurkeztu da. Babestuta sentitzen zarete?
Iraide: Tolerantzia, errespetua...   Denok jokatu ahal dugun talde bat izatea, hori da sustatu nahi duguna. Eroso sentitzen gara, eta aldarrikapen modura ere erabili gura dugu.

Izaro, zuk liga ofizialean jokatzeko arazoak eduki dituzu, ezta?
Izaro: Bai. Ikasturte honetan jokatu gura nuen, eta oraindik saiatzen nabil. Debuta egitea gustatuko litzaidake, eta horretan nago. Lehenengo, nortasun agiria lortu behar dut, baina hori baino lehen debutatzea nahiko nuke, aurrekari hobe bat markatuko litzatekeelako. NANa traba bat da, eta gainera, urte biko hormonazioa egitea eskatzen du. Bi urtez jokatu barik egotea ez zait justua iruditzen. Eusko Jaurlaritzako diskriminazioaren aurkako sare baten bidez, nire kasua lantzen gabiltza. Gainera, ez dakigu norena den eskumena. Bizkaiko federazioan galdetu dut, eta esan didate Espainiakoaren ardura dela, baina ez dute ezer adierazten. Bestalde, talde batzuetan ez didate ezta erantzun ere egin, jokatzeko eskaera egitera joan naizenean. Ezezko asko jaso ditut.

Emakume izanda, beste traba batzuk ere ezartzen dira...
Izaro: Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ateratako azken ebazpenean, ebakuntzarik barik jokatu ahal dela dio. Baina emakumeak, gure kasuan, hamar nanogramo testosterona baino gutxiago-edo edukitzea beharrezko jotzen dute. Beraz, aparteko traba bat daukagu emakume izatearren. Abantaila fisikoaren gaiagaz arrazoitzen dute batzuek; nik, hormonazioa hasi aurretik, 10 kilometro 54 minututan egiten nituen korrika, eta orain, ordubete eta 4 minututan. Lasterketa gehienetan azkenekoetakoa izaten ççnaiz [barrez].

Zelakoak izan dira zuen prozesu pertsonalak? Noiz hasi zineten konturatzen neska zinetela?
Iraide: 20 bat urtegaz joan nintzen elkartera, baina gaiagaz bueltaka, nerabezaro guztian zehar. 4 edo 5 urtegaz hasi nintzen konturatzen. Gure garaiak oso desberdinak ziren oraingoekin alderatuta, eta zalantza handiak nituen, ez zegoen-eta informaziorik. Lehenago ez onartzeagatik asko damutzen naiz.
Izaro: 4 edo 5 urtegaz ere, ikastolan, ez nintzen mutil sentitzen. Beste gauza bategatik bullynga [eskolako jazarpena] jasan nuen, eta uste nuen ez nuela biziraungo nire sentipenena jakingo balitz. Gorde egin nuen. Gainera, neska sentituta ere, emakumeak gustatzen zitzaizkidan, eta hori, nire izaera ezeztatzen jarraitzeko beste aitzakia bat izan zen [biak dira lesbianak]. Horrela egon naiz duela gutxi arte. Argazkiak gorroto nituen, eta orain ez.
Iraide: Zuzenbideko 2. mailan, gaiaz gehien zekiena nintzen, baina suspenditu egin nuen.

Gizarte tolerante batean bizi garela esan ohi da...
Izaro: Lehen baino toleranteagoa agian bai, baina ez nahikoa.
Iraide: Bai eta ez. Tolerantzia bizi izan dut unibertsitatean, lanean... Inporta zaidan jendeak onartu eta errespetatu du. Instituzioekin ez dut arazorik eduki, bai ordea Zornotzako anbulatorioko funtzionarioagaz. NANa aldatuta ere, ez zidan Osakidetzako karneta eman nahi. Erregistroko autoa eta txostena eskatzen zizkidan. Haserretu, eztabaida irabazi, eta hiru astera karneta jaso nuen.
Izaro: Durangoko Sasikoa taldeagaz ere entrenatzen nabil, eta lehendik [mutil lez] ezagutzen ninduten arren, lehen egunetik inolako arazorik barik ibili naiz. Donostian, Gehitu erakundeko taldeagaz ere oso gustura nabil, eta asteburuetan lasterketetan parte hartzen dut.

Lanean zelan?
Izaro: Koordinatzailea Zaragozan dago, eta bariku batean han agertu nintzen, itxuraldatuta. Ez zuela espero esan zidan, baina, hurrengo astelehenean, erabiltzaile datuak eta helbide elektronikoa aldatuta nituen. Informatika zerbitzu batean egiten dut lan, eta bisitak egitean ez dut arazorik eduki.
Iraide: Nire lanean ere aldez aurretik ezagutzen ninduten, eta lan ona egin nuen. Baina, galdera da: Euregaz lehendik lanik egin ez banu, gero kontratatuko ninduten? Airean dago.

Eta zuek talde berean egotea estimatzen duzue?
Iraide: Hori da txarren daramadana, hau aguantatzea! [barrez].  Sexu aldaketaren prozesua amaitzen nenbilela etorri zen bera. Berak bide erdia dauka eginda, eta badaki zer egin dezakeen eta zer ez.
Izaro: Aurten ebakuntza egingo dut. Nik berarengandik ikasten dut, eta nik futbolean erakusten diot [barrez].

Antia Fernandez boleibol jokalari galiziarraren kasua ezagun egin da. Zuen debuta ere garrantzitsua izan daiteke.
Izaro: Ez zait gustatzen zalaparta mediatikoa, baina aldarrikatu egin behar dela uste dut. Antia ezagutzen dut, eta berak horma bat bota du. Lan egin du, eta ezezkoak jaso arren, lortu du. Aldi berean, oso tristea da, 2016an, federatutako transexual bat albiste izatea. Normala behar luke, baina horretarako, jende gehiago oldartu behar da.

Zelan begiratzen diozue etorkizunari?
Iraide: Etorkizun luzeari barik, gaurkoari begiratzen diot. Ea ikasketak amaitzen ditudan, lehenik eta behin. Askok esaten didate irakasle izateko, beste batzuek abokatu... Momentukoa ondo irtetea, ama izatea eta futbolean jarraitzea gura dut. Ea liga irabazten dugun! [barrez]. Ez dut uste bizitza berri bat denik, batzuek dioten lez, baina bai etapa berri bat.
Izaro: Ez naiz damutzen lehen bizitakoaz. Nire parte da, eta asko ikasi dut horri esker. Aurrerantzean? Bada, lanean oso pozik nago, eta horretan jarraitzea nahiko nuke. Bestalde, psikologia ere ikasi nahiko nuke, urrutiko hezkuntzan. Kirol mailan, nire ilusioa apirilean edo maiatzean debuta egitea da. Portugaleteko Iraultzaileak taldekoekin berba egin dut horretarako, izan ere, Betigol hurrengo ikasturtean hasiko da liga ofizialean.

Zer mezu bidaliko zeniokete zuen antzeko bizipena izan eta ausartzen ez denari?
Izaro: Jakinda garaipena ez dela %100ean lortzen, ausartzeko esango nioke, eta kalera irtetea ona dela, askatasuna ematen dizulako. Askatasunik barik ez gara ezer. Iraidek eta biok zortea eduki dugu familia eta inguruan, baina beste jende batek ez. Kirola oso ona da bizitzarako, eta kalean jendeagaz bizitzen duzuna ezin da ezergatik aldatu.
Iraide: Pertsona arimak egiten du, eta zuk nahi bezala bizi behar duzu. Ez dago argirik iluntasunik barik, baina ausartu, borrokatu, eta beldurra kendu. Izan zaitez zu. Bizitza hobetuko da.

Jokalari gehiago eta abonatuak behar dituzte Betigol taldean

Betigol taldea berezia da, baina ez bakarrik tolerantea delako sexu edo genero arloan. Balioz jantzitako taldea da. Sortzailea ama koadrila bat izan zen, euren bizitzetako etapa berri horretan, aisialdirako aukera bat areto-futbolean topatu zutenak. Gaztetxoak zirenean, kirol horretan ibili ziren batzuk, eta berriro piztu zitzaien sugarra.

Horrez gainera, ikuspegi solidarioa ere badute. Euren talderako bazkideak eta abonatuak behar dituzte, gastuei aurre egiten laguntzeko. Baina, behar baino diru gehiago lortzen badute, Zornotzako Accion Social Amorebieta elkarteari emango diote dohaintzan. Laguntza ekonomikoa behar duten zornotzarrekin egiten du lan elkarte horrek. Beraz, Betigol taldeak bere partaideengan sinesten du, baina gizartearengan ere bai.

Jokalari bila
Momentuz, hamabi jokalari daude taldean, eta liga ofizialari  begira, gehiago behar dituzte. Izan ere, gehiago egoten badira, partiduetan txandakatu ahal izango dira. Lehiakorrak izan gura dute, baina irabaztea baino gehiago, ondo pasatzea eta ikastea dira helburu nagusiak, Izarok kontatu duenez.Giro ona igartzen da taldean, eta itzelezko ilusioa ere bai: “Ligan, motibazio eta ilusio gehien edukiko duen taldea izango da”, dio Iraidek.

Aniztasuna topatuko dute taldera batzen diren neskek, eta horri balioa eman dio Iraidek. Elkarren arteko errespetua izango da ardatz.

Abonatuak, mutilak ere
Bazkideek entrenatzeko eta jokatzeko eskubidea edukiko dute, eta baita batzarretan parte hartzeko ere. Abonatuen kasuan, ez dute botorik edukiko batzarretan. Abonatuen figura mutilei ere zabalik dago, baina laguntzeko bakarrik.

Martitzenetan eta eguenetan entrenatzen dira, Ganen, 20:00etan. Jokatu edo lagundu gura duenak, edurne.betigol@gmail.com helbidera idatzi ahal du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!