Zornotzako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, erlaxazio tailer bat antolatu du zaintzaileei laguntzeko. ‘Zainduz, zaintzailea zaindu’ programaren barruan kokatutako ikastaroa mendekotasun egoeran daudenak zaintzen dituzten senitartekoei zuzenduta dago.
Zaintza lanetan zaintzaileak fisikoki zein emozionalki gainezka egin dezake. Tailer honen bidez bertaratzen direnek zaintza lanei lotutako urduritasun egoerak identifikatuko dituzte, erlaxazioaren onurak ezagutu eta erlaxatzeko teknikak ikasiko dituzte, tentsio uneetan erabili ahal izateko. Prestakuntza Ainhoa Pazosek emango du. Honek esperientzia zabala du psikoterapeuta eta prestatzaile gisa.
Ikastaroa doakoa da otsailetik maiatzera bitartean egingo da. Parte hartu ahal izateko Gizarte Ekintzako bulegoetan izena eman beharra dago. Izen-ematea telefono honetan ere egin daiteke: 94 630 01 90.