Tortura pairatu duten lagun guztiek “justizia eta aitortza” merezi dutela eta horretarako oraindik “ezezaguna den eta ezkutuan mantentzen den errealitatea” ezagutzea eta ezagutaraztea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten agerraldian, Zornotzako EH Bilduk bere webgunean azaldu duenez. Esaterako, egun gutxi barru 35 urte beteko dira Joxe Arregi Carabancheleko espetxeko ospitalean hil zela, 9 egunez Guardia Zibilaren eskutik “basatiki torturatua” izan ondoren: “Horren froga, duela urte gutxi agertu ziren argazkik dira, 28 urtez isilpean gordeta egon ziren argazkiak”.
Laburbilduz, hiru eskaera nagusi egin zituzten: “Tortura praktikatu dela publikoki eta ofizialki aitortzea; berriro gertatuko ez dela bermatzea, inkomunikazioarekin eta atxilotuen eskubideak murrizten dituzten neurriekin amaituta; eta hamarkada hauetan tortura tresna gisa diseinatu dutenak identifikatzea eta erantzukizunak argitzea”. Bestalde, Zornotzako ezker abertzaleak adierazi du torturatuak izan diren zornotzar guztiengana heltzeko ahaleginak egin dituela, baina onartu du ez duela baliabide nahikorik izan helburu hori betetzeko, 70 bat torturaturekin harremanetan jarri diren arren.
Otsailaren 13a Euskal herrian torturaren kontrako eguna izango da eta horren harira Zornotzan egingo diren ekimenak aipatu zituzten. Otsailaren 10eko eguaztenean, 19:30ean, torturari buruzko hitzaldi bat egongo da Zelaieta Zentroko auditorioan. Otsailaren 12ko ostiralean, 19:30ean, kontzentrazioa egingo dute erreferendumaren plazan.