Zornotzako EH Bilduk uko egin dio azken udalbatzarreko dietak kobratzeari

Anboto 2016ko ots. 1a, 12:48

EH BIlduko Urko Lopez —eskumatik lehenengoa— joan zen barikuko udalbatzarrean dieten inguruan berba egiten.

Udalbatzar laburra izan zenez, dietak ez kobratzea erabaki du: 12 bat minutu iraun zuen joan zen barikuko udalbatzarrak.

Eskaera eta galderen puntuan, Urko Lopez EH Bilduko ziengotziak udalbatzar horri zegozkion dietak ez zituztela kobratuko adierazi zuen. Udalbatzar laburra izan zela da arrazoia: 12 minutu eskas iraun zuen: “Udalbatzar batek iraun beharrekoa irauten du, hori egia da, baina ez dakit etikoki zuzena den. Horri begira zerbait egin beharko genuke”. Gai hori Ekonomia eta Ogasun Batzordean eztabaidatzeko eskatu zuen: “Beharbada kasuistika batzuk ezarri beharko lirateke eta, ondoren, horren arabera jokatu”. Gogoratu zuenez, labur joan zen aurreko udalbatzar batean ere uko egin zieten dietak kobratzeari.

Andoni Agirrebeitia alkatearen ustez gaia orokorrean baloratu beharra dago eta ez udalbatzarrek irauten duten denboragatik bakarrik: “Uste dut batzordeetan egiten den lana balorean jarri behar dugula. Udalbatzarretara adostasunekin heltzen bada aurretik batzordeetan lan bat egin delako da. Ez Gobernu Taldearen lana bakarrik, baita oposizioarena ere. Eta batzordeetara euretara ere gauzak prestatuta eramateak beste aurrelan lan bat eskatzen du”.

Udalbatzar amaieran Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezek argitu zuen eurek ere aurreko udalbatzar labur bateko dietak kobratzeari uko egin ziotela. Adierazi zuenez, 230 euro kobratzen da udalbatzar bakoitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!