Auzo taxian diru-laguntza gutxiago “arrazoizko” erabileratik gorako joan-etorrientzat

Anboto 2016ko urt. 29a, 15:07

Erabiltzaileek zerbitzua ordaintzeko bonoak erabiliko dituzte eta udaletxetik jasoko duten diru-laguntza burututako joan-etorri kopuruen araberakoa izango da.

Zornotzako auzo taxiak 140 erabiltzaile ditu eta bakoitzak, batez beste, 50-60 joan-etorri egiten ditu urtero. Kopuru horren inguruan dabiltzanek “arrazoizko erabilpena” egiten dute eta zerbitzua “horientzako jarri zen martxan”, Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan. Gutxi batzuek, ordea, gehiegizko erabilpena ematen diotela uste dute. Horren aurrean, erabilera egokia indartzeko, bonoak sortu dituzte. Urteko lehen 50 joan-etorriek oraingo prezio bera izango dute: 2 euro. Hortik gorakoei diru-laguntza murriztuko diete eta, ondorioz, joan-etorriak garestitu egingo zaizkie.

Auzo taxi zerbitzua erabiltzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzari hasierako onarpena eman diote gaur goizeko udalbatzarrean. Aho batez onartu dute.

Azken urte bietan honela funtzionatu du auzo taxiak: joan-etorri bakoitzaren prezioa 12 eurokoa da. Erabiltzaileak euro bi zuzenean ordaintzen zizkion taxistari, horixe zen prezio bakarra joan-etorri denentzako, eta gainerako 10 euroak udaletxearen diru-laguntzak estaltzen zuen. Taxistek joan-etorrien txartelek erakusten zituzten udaletxean, bidaiak justifikatzeko.

Ordenantza indarrean jartzen denean honela funtzionatuko du: bonoak sortu dituzte eta udaletxean egongo dira eskuragarri. Bono horiekin ordainduko zaie taxistei. Udalak urte bakoitzeko, gehienez, 150 joan-etorri lagunduko ditu diruz. Aurreneko 50 joan-etorriek euro bi balioko dute, orain arte moduan; 51tik 100era artekoak 6 euro eta 101etik 150era artekoek 8 euro. Bonoak hamarnaka eskuratu ahalko dira. Aldatzen ez dena taxistek joan-etorriko jasoko duten kopurua da: 12 euro.

Orain, ordenantza publikatuko dute eta alegazioak egiteko aukera egongo da. Era berean, taxistei zein erabiltzaileei aldaketaren berri jakinaraziko diete: zertan datzan eta zelan funtzionatuko duen.

Auzotaxiak 140 erabiltzaile ditu gaur egun eta auzoak herriguneagaz lotzea du helburu; auzoen eta herrigunearen arteko kohesioa indartzeko sortu zuten. Sendagilearengana joateko eta erosketak egiteko, adibidez. Horiek izango lirateke arrazoizko erabileraren adibide bi. “Erabiltzaileen % 90ak auzo taxiaren erabilpen oso egokia egiten du, eta jarrera bikaina erakusten du”, adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak, baina “gutxi batzuek ez diote erabilpen zuzena ematen, ez dute erabiltzen zerbitzua sortu zen helburuetarako”. Badira auzotaxia egunean “zortzi bider” erabiltzen dutenak eta “denetarako”. Horregatik sistema berriagaz zerbitzuaren “erabilpen arrazoizkoa” bilatzen da.

Gaur egun, bost taxik osatzen auzotaxi zerbitzua eta astelehenetik ostiralera, 07:30etik 19:00etara eskaintzen da. Denbora tarte honetan, zerbitzua erabili nahi duten auzoetako herritarrak euren etxean jasotzen dituzte eta gero, hauek horrela nahi badute, etxera eramaten dituzte berriro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!