Zornotzako Arrain Logic enpresan “jazarpena eta erasoa” jasan ditu delegatu batek, LABen esanetan

Anboto 2016ko urt. 26a, 11:28

Zuzendaritzak bere hurreko langileak darabiltza delegatuari “etengabeko jazarpena” egiteko. Zuzendaritzak salaketa horiek “faltsuak” direla dio.

Zuzendaritzaren hurreko diren langileek LABeko delegatu horri egiten dioten “jazarpenaren” azken adibidea joan zen ostegunekoa da. Delegatuak “erasoa fisiko” bat jasan zuen “zuzendariaren lobaren partetik”. Gainera, “erasoarekin pozik geratu ez eta gainera delegatuari berari denuntzia jarri zion jazarpena egotzita”. Horren aurrean, zuzendaritzak “beste alde batera begiratu” izana salatu du LABek.

Bihar, urtarrilak 27, 12:30ean, delegatuaren kontrako epaiketa arina izango da Durangoko epaitegian. LABek kontzentrazioa deitu du 12:00etan epaitegi parean: “Gure delegatuaren kontrako erasoa LABeko beste edozein delegatu, afiliatu edo militanteren kontrako eraso zuzena da”, diote eta “hartu beharreko neurriak hartuko ditugu horrelako egoerak errotik erauzteko”.

Zuzendaritza: “Dena faltsua da”

Arrain Logic enpresako zuzendaritzak “gezurtatu” egin du bere hurreko langileak LABeko delegatua jazartzeko erabili izana: “Dena faltsua da”, adierazi dute.

Delegatu horren eta langileen arteko hainbat sesio izan direla onartu du zuzendaritzak, baina ez inongo presiorik egiteko agindu dutelako. Kontrara, arazoa “delegatu horrena” dela diote. Delegatuak lau langilerekin beste hainbeste liskar izan dituela azaldu dute zuzendaritzako ordezkariek, horietako  bat LABeko delegatua izan aurretik. Joan zen astekoa “lanaldi orduetatik kanpora”, gertatu zela azaldu dute. Beste liskar batean  “tonu ozenean eztabaidatu zuten eta baliteke kontaktura heldu izana”. Egoera aztertu ostean, “delegatua barik, beste langilea enplegu eta soldatu barik zigortu genuen hilabetez, beraz atera kontuak”.

Arrain Logic enpresa Zornotzako Zubieta poligonoan dago eta Eroskirentzako arrain fresko hornikuntzan dihardu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!