Parisen aldaketa klimatikoaren gaineko akordioa lortu dute 200 herrialdek baino gehiagok. Goi-bilera horren harira, HiriEkimenak Zornotzako Udalak aldaketa klimatikoari aurre egiteko hartu ditzakeen neurriak jasotzen dituen mozioa sartu du udaletxean, udalbatzarrean eztabaidatu eta bozkatu dadin.
Mozioak bost puntu ditu. Oro har, aldaketa klimatikoari aurre egiteko Europar Batasunak Parisen proposatu dituen isurpen murrizketak aintzat hartuz, Zornotzan antzerako murriztapen mailak jasoko lituzkeen ekintza plana onartu beharko litzatekeela proposatzen dute. Esaterako, Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzen ari da eta plan horretan aldaketa klimatikoaren gaineko irizpideak “oinarrizko ardatz” izan daitezela eskatzen du mozioak. Etorkizunean Zornotza Karbono emisioetan Herri Neutroa izatera heltzea da jomuga.
Beste puntu baten udaletxeko, udal egituretako zein ikastetxeetako isurpenen inbetario bat egitea proposatzen da, ondoren emisioak gutxitzeko zer neurri hartu behar diren jakiteko.
Azken puntuak, aldaketa klimatikoaren zergati eta ondorioen inguruan herritarrak hezteko eta formatzeko programak egiteko eskatzen du.