Celia Cruz, Azucar Moreno, Melendi… abeslariek ‘bisitatuko’ dute Zornotzako jaialdia

Anboto 2015ko abe. 16a, 15:44

Gauero programako begirale eta gazteek abeslari ezagunen imitazioak egingo dituzte zapatuko Nun ikusiot nik zure aurpegixe? jaialdian.

Zapatu iluntzero Zelaieta Zentroan garatzen den Gauero programa (Amets Gazteriak antolatuta) jaialdi berezi batekin errematatuko dute aurten ere. Azken hiru urteetako bideari jarraituz, abeslari ezagunen imitazioekin osatutako ikuskizuna prestatu dute denboraldia eta urtea agurtzeko. Egitasmoko begirale zein gaztetxoak mundu zabaleko abeslari ezagunen nortasuna islatzen saiatuko dira zapatuan, 20:00etan, Zelaieta Zentroan. 14 abestik osatuko dute jaialdia. Besteak beste, Celia Cruz, Azucar Moreno, Chayanne, Melendi, Frozen, Camilo Sexto eta La Oreja de Van Gogh musikari edo musika taldeen imitazioak egingo dituzte.

Denen artean ondo pasatzea beste asmorik ez duen jaialdia da, baina horrek ez du esan nahi prestakuntza bako emanaldiak izango direnik. Parte hartzaile denek Seiren taldeko Jokin Lacalleren laguntza jaso dute abestien tonu eta doinuak ahalik ondoen barneratzeko. Pertsonifikazioa osoa izan dadin,  jantziak eta bestelako osagarriak ere zainduko dituzte. Dena beharko dute epaimahaia  konbentzitzeko. Jokin Lacalle bera izango da epaimahaiko kideetako bat. Iaz Oihane Nun-ek irabazi zuen, Mojinos Escozios taldeko bertsio batekin.

Hasierako aldietan begirale eta langileak bakarrik igotzen ziren oholtzara, gaztetxoak ikusle zirela. Baina iaz gazteek ere parte hartu zuten eurek horrela eskatuta, eta aurten iazko eskemari jarraituko diote.

Zubiaur Musika Eskolaren emankizuna

Gabonetako egitarauko musika eskaintzaren barruan, Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek eskainiko duten kontzertua ere badago. Ostirla honetan izango da, 19:00etan, Zornotza Aretoan. Urtero legez musika korala eta instrumentala partekatzeko gonbita egingo dute giro atsegin, alai eta parte-hartzaile batean. Beti bezala, estilo ezberdinetako obra eta abestiak entzun ahal izango dira, hainbat talde eskutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!