Gabonak Durangaldean

Zornotzan ekintza programa zabalagaz ospatuko dituzte Gabonak

Anboto 2015ko abe. 11a, 09:35

Mitxel Etxebarria zinegotziak, Andoni Agirrebeitia alkateak eta David Murillo teknikariak aurkeztu zituzten atzo Gabonetako ekitaldiak.

Herritar guztientzat ekintza programa zabal batekin heldu dira Gabonak Zornotzara. Udalak, Ametxen bidez eta herriko hainbat elkarteren lankidetzarekin, hainbat ekintza martxan jarri ditu herritar guztiek, txiki zein handi, Gabonetan ondo pasatu dezaten.

Atzo arratsaldean, Gabonetako argiak piztu zituzten eta Zornotzako bazter guztiak argiz eta kolorez jantzi zituzten.  

Abenduaren 26tik 30era Zelaieta Zentroko pilotalekuan 'Gabonetan Jai' umeentzako programa antolatu da 12 urte arteko umeentzat. Puzgarriak, tailerrak, musika eta hainbat jolas egongo dira umeentzako gunean. Ordutegia ondoa da: 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Sarrerak euro bi balioko du eguneko eta zortzi euro bost egunetarako bonu bat eskuratuz gero.

Gauero Gabonetan

10 urte baino gehiago dituzten zornotzar gazteek beraientzat prestatutako hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute. Esate baterako, mahai-jolasak, bideo-jokoak edota ping-ponga.  

Guzti hau Zelaieta Zentroan egongo da 17:00etatik 22:00etara. Toki berean, abenduaren 19an, Gauero programaren barruan gala berezi bat egingo da 20:00etan ondoko izenburupean: Nun ikusiot nik zure aurpegixe? IV.   

Era berean, Zelaieta Zentroan magia ikuskizun bat egongo da urtarrilaren 4an. Saio bi egongo dira. Lehenengoa 12.00etan eta bigarrena 18:00etan, Oliver Magoaren eskutik. Sarrerak 5 euro balioko du.  

Olentzerori bisita

Zornotzako Udalak, abenduaren 19rako Mungian dagoen Olentzeroren etxera txango bat antolatu du. Zelaietan izena eman behar da joateko.

Halaber, Olentzeroren etorrerari aurrea hartzeko (18:00), zornotzar guztiak Belatxikietako igoera tradizionalera gonbidatu dituzte, 09:00etatik aurrera. 

Musika eta antzerkia

Urtero bezala, Zubiaur Musika Eskolak Gabonetako kontzertua eskainiko du.  Ostiralean izango da, abenduaren 18an, 19:00etan Zornotza Aretoan. Aurten ere, Zubiaur Musika Eskolako irakasle eta ikasleek ordubetez musika korala eta instrumentala partekatzeko gonbita egingo dute giro atsegin, alai eta parte-hartzaile batean. Beti bezala, estilo ezberdinetako obra eta abestiak entzun ahal izango dira, talde ezberdinen eskutik.

Abenduaren 27an herriko kaleetan gabon-kantak entzun ahal izango dira herriko koru eta txistularien eskutik. 12:30ean hasita, kalerik kale ibiliko dira 13:30era arte. Ordu horretan Kalbarioan bilduko dira koru guztiak Mesias Sarritan abesteko.

Antzerkiari dagokionez, abenduaren 31n, Glu Glu Produccionesen gidaritzapean Zornotza Aretoan Txanogorritxo ikuskizuna taularatuko da. Saio bi egongo dira: 12:00etan eta 17:00etan.  

Gabon zaharrak

Zornotzarrek urteari agur esateko aukera izango dute San Silvestre lasterketarekin. Hau abenduaren 31n izango da, 18:00etan. Gainera, egun beran, 20:00etatik aurrera, diskoteka bat egongo da, urteko gaurik luzeena prestatzen joateko.  

Erregeen kabalgata

Urtero bezala, urtarrilaren 5ean, Zornotzako neskato-mutikoek Ekialdeko Errege Magoei ongi-etorria emango diete Udalak antolatutako ohiko kabalgatarekin.  Kabalgata hau ilusioz beteta dator eta herritar guztiei parte hartzeko dei egiten zaie. Kabalgata 18:00etan hasiko da Biarritz industrigunean eta Gudari eta San Migel kaleetatik joango da Herriko plazara heldu arte. Han nahi duten umeek Errege Magoekin egoteko aukera izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!