“Negoziaketa adeikorrak” izan diren arren EAJ eta EH Bilduren arteko aldea “nabarmena” dela adierazi du Urko Lopez zinegotziak. Negoziaketan lerro gorri batzuk markatuta zituzten eta haietara heldu ez direnez “ezezkoa bozkatu dugu; ezin genien lerro gorriei uko egin”.
Negoziaketen ostean aurkeztutako emendakinek Ogasun Batzordean “ezezkoa” jaso zuten, Lopezen arabera. Proposamenak udal-hausteskundeetako programatik datoz. Kargu publikoen soldatak %20 jaistea, eta auzoetarako inbertsioa handitzea ziren eskakizunetako batzuk. Gainera, musika eskola berria “garestiegia” iruitzen zaie eta “merkeago egin behar da”. Arreibiko eraikina saltzearekin ere ez daude ados: “Udal ondarea saltzearen kontrakoak gara. Gaurko egunean bihar erabilgarria, agian beharrezkoa, izan daitekeen ondare bat saltzea arriskutsua iruditzen zaigu”.
Azkenik, azterketa eta lan teknikoetara bideratuko diren 564.000 euroen desgloserik “ez zaiela erakutsi” salatu du. Edozelan ere, “diru gehiegi dela iruditzen zaigu”.
HiriEkimeneko Alba Gutierrez zinegotziaren esanetan, aurrekontuak aztertu ostean “800.000 euro beharrizan handiagoko arloetara” birbideratzeko aukera ikusi dute “zerbitzuen kalitatea edo maiztasuna murriztu barik”. Kopuru hori beharrizan handienetako auzoetara, garapenerako lankidetza atala %0,7tik %1era handitzera edo eta Zornotza erdialdea eskolekin batzen dituen bidegorri sarea lantzera bideratu daitezkeela uste dute, besteak beste.
Aurkeztu dituzten emendakinak “EAJ eta PSEEren botoekin ukatuak” izan direla adierazi du, baina “aztertuak izango direla jakinaraziz”. Horiek horrela, “hurrengo aurrekontuetan gure proposamenak islatzeko konpromiso finkoa” eskatu dio Gobernu Taldeari.
Nafarroa Zentrorako eta Ametx Erakunderako diru-atalak ez dituzte “sakonean” aztertu, “denbora faltagatik eta baita datu faltagatik ere”. Hala ere, bietan “hobetzeko asko dagoela uste dugu”.
PSE-EE-ren baiezkoa
PSE-EEk, aldiz, aurrekontuak babestu ditu. Baiezko botoa eman du Alicia Hernándezek, PSE-EEk Zornotzako udalbatzarrean duen ordezkari bakarrak. "Gizarte ikuspegia" duten aurrekontuak iruditzen zaizkio eta hauteskunde programan proposatutakoari jarraituz, "gizarte ekintzan eta enpleguan markatuta geneuzkan lerro gorriak betetzen dituzte aurrekontuek". Enplegurako iaz baino "130.000 euro gehiago" daudela nabarmendu du eta auzoetako inbertsioak ere azpimarratu ditu, besteak beste.