Euskarak 365 Egun

Euskararen nazioarteko eguneko adierazpen instituzionala irakurri du alkateak

Anboto 2015ko abe. 3a, 19:00

Gaur Euskararen Naziozarteko Eguna dela aprobetxatuta, euskararekiko konpromisoak batzeko martxan jarri zuten 501 Baietz! kanpainaren parte-hartzaileak eskertu ditu Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak, eta kanpaina horregaz bat egitera animatu ditu herritarrak. Zornotzako Udalak adosturiko Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala irakurri du, bestalde, alkateak.

Hauxe da adierazpena, osorik:

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da.

Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan handia egin dugulako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera. Hala ere, UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara, eta normalizaziotik urrun dago oraindik. Beraz, euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna ere bada; euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara harremanetarako eta bizitza sozialerako hizkuntza nagusia izan dadin.
 



Hazkunde prozesua izan da EAEn euskara biziberritzearena, eta bi izan dira prozesu eredugarri horren zutabe nagusiak: hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.



Hala beraz, hori guztia kontuan izanik, Udal honek honako konpromisoak bere egiten ditu:



1) 2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi zaie, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi dira.



2) Herritarrei deia egiten die, abenduaren 3tik 31ra 501 BAIETZ! kanpainan beren konpromisoa adierazi dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!