Euskal literaturaren gaineko azterketa berri bi, Santiago Onaindia bekari esker

Anboto 2015ko aza. 18a, 18:11

Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitia, Beñat Sarasola eta Labayruko zuzendari Adolfo Arejita gaurko aurkezpenean.

Azken beka biak jaso dituzten Beñat Sarasolak eta Gorka Mercerok euren ikerketen berri eman dute. Sarasolaren Baina belaunaldia: Ustela, Pott, Oh! Euzkadi liburua argitaratu berri dute. Mercerok euskal literatura narratiboa ulertzerako orduan mundu ikuskerek izan duten eragina aztertuko du.

Zornotzako Udalaren eta Labayru Fundazioaren arteko lankidetzari esker —Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin—, Santiago Onaindia bekak Euskal literaturaren alorreko ikerketa lanak sustatzen ditu. Bi urterik behin banatzen den beka da.

Beñat Sarasolak (1984, Donostia) “euskal literaturaren gaur egungo panorama” eta azken hiru hamarkadetako ibilbidea ulertzeko “ernamuina” diren hiru aldizkari aztertu ditu: Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi. Aldizkari horiek hiru sortzaileri lotuta daude nagusiki: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria.  Gainera, “elkarrekin erlazioa” duten hiru aldizkari dira. Atxagak eta Izagirrek Ustela sortu zuten lehenengo eta enbor horretako adar bi dira Pott (Atxagak sortua) eta Oh Euzkadi (Izagirre eta Saizarbitoria). Hiru aldizkariak —zein bere iraupenarekin—1975-83 epealdian argitaratu zituzten, trantsizioko lehen zati “iskanbilatsu, baina era berean interesgarrian”.

Gaur aurkeztu duten liburuak zati bi ditu. Lehenengoan aldizkariak aztertu eta bere testuinguru soziopolitikoan kokatu ditu. Bigarren zatia teorikoagoa da eta ibilbide horretan azaldu diren hainbat gai bost puntutan batu ditu. Puntu horietako batean literaturaren autonomia aztertzen du: “Izpiritu kritikoa funtsezkoa da literatura autonomia egon dadin”. Ideia horretatik atera du liburuko izenburua: ‘Baina belaunaldia’ Oh! Euzkadin agertutakoa terminoa da: “Auzi sozial, politiko zein literario denei punta ateratzen zieten fama zuten, seguruenik ondo merezia, eta hori hiru aldizkariei aplikagarria dela uste dut. Oso aldizkari heterodoxoak ziren eta izpiritu horren adierazgarri da izenburua”, azaldu du Sarasolak.

Gorka Merceroren ikerketa

 ‘Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera’. Hori da Gorka Merceroren ikerketarako gaia. Euskal narratiba garaikidearen ikuspegi orokorra eman gura du irizpide moduan mundu ikuskera erabilita. Euskal narratiban dagoen eklektizismoa euskal nobelagileek darabiltzaten mundu ikuskera desberdinetatik dator Merceroren ustez.

Mundu ikuskera horiek definitzerako orduan, “modernitatearen kontzeptuaren inguruan sortu diren eztabaidei begiratuko diet eta horiekin batera gaur egun nahiko familiar bihurtu zaizkigun post-ismo denei: postmodernitatea, postestrukturalismoa, postnazionalismoa…”. Horiek denek modernitatearen pentsamenduari “alternatibak” eskaintzen dizkiela dio. Eztabaida horretan modernitateari lotutako mundu ikuskera esentzialistatik, ez esentzialistara igaro dela uste du eta garapen horretan euskal narratiba garaikidea zein puntutan dagoen aztertzen saiatuko da.

10 argitalpen 1995etik hona

Santiago Onaindia bekari esker 10 lan argitaratu dituzte 1995etik hona, Adolfo Arejita Labayruko zuzendariak gogoratu duenez. Zornotzako Udalagaz duten landiketza “emankorra da eta erreferentziazkoa ere bihurtu da beste udal eta erakundeekin ditugun hartuemanetarako”.

Bekari izena  ematen dion Santiago Onaindia ere gogoratu du. Bere sasoian “euskal literaturaren bultzatzaile sutsuenetakoa” izan zela azpimarratu du. Onaindia 1909an jaio zen Amoroton eta 50 urte baino gehiago eman zituen Zornotzako Larrea auzoko komentuan. Olerkiak idatzi zituen, baita bildu ere Milla Euskal olerki eder poesia antologian, esaterako. Hainbat aldizkariren sortzaile eta sustatzailea izan zen eta bertsolaritzari lotutako lanak argitaratu zituen.

Gorka Mercero irakaslea da Liverpooleko Unibertsitatean eta ezin izan du gaurko aurkezpenera etorri. Hala ere, Skype bidez zuzenean eman ditu azalpenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!